Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Frantses Jatsukoa

Frantses Jatsukoa

Amatiño 2011/12/01 00:05
Gauzak ez dira gero beti berdin Hegoaldetik zein Iparraldetik ikusi, eta, horretaz jabetzeko, 1552ko abenduaren 3an. Shangchuan (Txina) uhartean hil zen misiolari nafarraren biografietan nabaritu baino ez dago. Mugaz honaindi Frantzisko Xabierkoa eta haraindi, aldiz, Frantses Jatsukoa.

San Frantses Jatsukoa (Biographie basque de St. François de Jaxu et Xavier, avec traduction française par l’auteur) Pierre Narbaitz  apaiz baxenafarrak idatzi zuen P. Arradoy izengoitiz. Auskalo zergatik, Donostian plazaratu zen 1966 urtean, Izarra argitaletxeak irarria.

Egileak berak “biographie basque” dio, hasiera beretik euskal ikuspegitik idatzia dela edo azpimarratu nahirik. Egia esan, idazkera guztiz subjektiboa dario P. Arradoyren kontaerari. Ez diot datuak fidagarriak ez direnik, neurriz kanpoko maitasunez, zaletasunez, grinaz eta irrikaz idatzia dagoela baino. Hau da, hasi eta buka, gurea* den santuaren biografia.

Aita Narbaitzen euskara, berriz, baxenafar gozoa,  loretsua moldeetan baina arteza esanguretan. Lantzean behin euskara batuaren aurretik Iparraldeko euskara zertan zen gogoratzeko benetan aproposa.  

Frantses edo Frantziskoren aita, Johan Jatsukoa, Donibane Garazin jaio zen eta ama, berriz, Maria de Azpilkueta, baztandarra. Etzi, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatuko dugu, bietarik  sortu zen semearen oroitzapenetan. Ez legoke sobera gogoan hartzea, euskara ere bi aldeetakoa dela, hemengoa hangoa bezainbatekoa eta, alderantziz, hangoa hemengoa bestekoa. Aldarri politikoek ezer gutxi balio ahal izango dute elkarri ulertzeko gai izango ez baga.

*Jatsukoa zein Xabierkoa, nafarra zen, jakina, eta agaramontarra gainera. Hala ere, Parisen kantabriartzat (cantaber) azaldu zuen bere burua eta Indian, berriz, portugaldartzat (portugues), jatorrizko nazioa eta inperioa adierazteko nonbait.

San Frantses Jatsukoa

Donostiako Izarra irarkolan argitaratua. Azalean, Frantses Jatsukoaren irudia Ustaritzen

Jatsu

Garaziko Jatsu sortetxea, 1966an.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: