Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Francoren denboretan egunak ere luzeagoak ziren

Francoren denboretan egunak ere luzeagoak ziren

Amatiño 2011/05/10 00:05
Egia da gero orain gertatzen diren hainbat gauza ez liratekeela sekula Francoren denboretan gertatuko. Nik ez dut ordea uste, hainbatek besterik esan arren, Francoren garaietan hobeto bizi ginenik. Baina, horratik, hasia naiz pentsatzen egunak ez ote ziren orduan orain baino luzeagoak.

Eskubaloi ikurra

Aurreko asteburuan hil zen Burgosen, 71 urte zituela,  Fernando Navarro,  Arrate eskubaloi taldearen lehen entrenatzailea eta Armeria Eskolan irakasle. Fernando 1960ko hamarkadaren hasieran  etorri zen Eibarrera “Formación del Espíritu Nacional” (falangismoa) eta Gimnasia irakastera, eta "lenguaje" (gaztelania, alegia) ematen amaitu zuen. Gizon ona zen. Bere laguntzaz eta eraginaz sortu zen 1964/1965 denboraldian oraindik ere nola hala dirauen taldea eta haren ardurapean hasi ginen Untzaga plazan hogei urte inguruko gazteak… Aldazabal, Areta, Garate, Idigoras, Irazabal, Lanza zein Miró jokalariak eta Aranberri atezaina.

Eskubaloi taldea 1969 maiatza

Tanganilloduna, Fernando Navarro. Untzaga, 1969

Nekez aspertzen ginen garai hartan. Astegunetan (larunbatetan, goiz eta arratsalde) 9-10 orduz lan egin eta igandetan eskubaloian jokatzeaz gainera, astean birritan Imanol Laspiurrek euskara irakasten zigun Umandiren gramatikaz eta egun bitik behin, berriz, geu ginen euskara irakasten genuenok Oñatibiaren irrati-metodoaz. Horrez gainera, urtean behin Umeen Euskal Jaia antolatzeari ekin genion eta, urtean zehar berriz, hitzaldiak, jaialdiak, antzerkiak, bertso-saioak eta txistu-eskola eratu.

Horrez gainera, orduko eguna luze samarra zenez gero edo, neri behintzat denbora ematen zidan Zeruko Argia astekariarentzat Eibarko herri-berriemailearenak egiteko. Baita lantzean behin zertxobait irakurtzeko ere... eta andregaiari jaramon apurren bat egiteko, ez ninduen behintzat sekula utzi..

Cayetano Ezeiza

LEHEN TXEKEA. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak herrietako berriemaileei eman ohi zitzaien saria eman zidan 1970an. Txeke harek balio nabarmen bi izan zituen. Batetik, Aurrezki Kutxak euskarazko berriemaileak gogoan hartzen zituen lehen aldikoz. Bestetik, euskal kazetari gisa jasotako aurrenengo diru-sarrera nuen. Argazkian, Kaietano Ezeiza Zeruko Argiaren arduradunetakoa, sari-emaile

Jakina gauzak dezente aldatu direna  geroztik, baina hainbati entzuten diodanean erakunde-urliak, sandiak edo berendiak ez dutela euskararen alde behar beste egiten, ni neu galdera hau egiteko gogoz geratu izaten naiz: “Bapo, seguru gero arrazoi duzuna baina… idatziko al zenuke paper-puska batean zuk zeuk zer egiten duzun egunean zehar euskararen alde?” Ez, ez esan, are gutxiago pentsatu, idatzi, idatzi. Eta, gero, ateratzen zaizun zerrenda erakutsi.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: