Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Francok Espainia gutxietsi zuenekoa

Francok Espainia gutxietsi zuenekoa

Amatiño 2010/10/03 00:05
Orain 50 urte, 1959an, Espainiak eta Frantziak Hondarribian gogoratu zuten hiru mende lehenago, 1659an, elkarrekin sinatutako Piriniotako Bakea. “Arriba España” leloaz 1936an Errepublika demokratikoaren aurka altxatutako diktadura militarra ospakizun hartaz baliatu zen aurreko hiru mendeetako espainiar endekapena azpimarratzeko eta Cara-al-sol kanta faxistaren “… que en España empieza a amanecer” mezua indarrean jartzeko. Gobernu militarraren ustez, espainiar inperioaren gainbehera Felipe IV.arekin hasi zen eta Francorekin batera, berriz, arnasberritzeari ekin, lehenera etorri, galdutako handitasunera itzuli.

Laburra, interesgarria, graziaz idatzia... Carlos Rilova Jericó historialariaren eskutik Hondarribiko Udalak argitara emandako Cardenales, reyes, príncipes y dictadores. La larga historia de la Paz de los Pirineos (Hondarribia 1660-1960) ikerlana (Zehazten, 2010).

Carlos Rilovak azaltzen duenez, Espainiak eta Frantziak 1659an elkarrekin sinatutako Piriniotako Bakea (eta, ondorioz, Frantzia eta Nafarroako Luis XIV.aren eta Espainiako Felipe IV.aren alabaren arteko ezkontza) ez zen sekulako europar itunik garrantzitsuena izan baina bai, ostera, urrats aitzindarietakoa Europako Batasunaren urraspide luzean. Hondarribiak merezi izango omen luke aipamen bereziren bat Europako diplomazia-historiaren mapan, Haga, Ryswick, Utrecht, Paris, Versailles edo Erromarekin batera.

Fernando Castiella bilbotarra Kanpo-arazoetarako ministroa zelarik, aldiz, gobernu frankistak gogotik gutxietsi zuen Piriniotako Bakearen  ituna, espainiar loriaren amaiera zelakoan, eta ildo bereko eskuin historiografiaren ikuspegiarekin bat etorri, alegia: Felipe IV.aren diplomaziak ez zuen asmatu, Espainiaren armada Frantziarena baino ahulagoa, espainiar inperioaren gainbehera nabarmena omen eta ondoko erregeek maldan behera jarraitu besterik ez zuten egin hiru mendeetan zehar. Eta, Espainia galtzailea gutxietsi ezezik, baita Frantzia garailea goraipatu ere. Hau guztia zergatik, ordea?

Batetik, esan bezala, altxamendu militarraren premia arrazoitzeko, Espainia indarberritua aldarrikatzeko eta Caudilloaren abagune historikoa adierazteko. Baina, bestetik, baita Frantzia ludorioz eta lausenguz gozatu eta leundu nahi izanagatik ere, 1959 urtean espainiar diktadura noraezean baitzegoen eta nola hala behar baitzuen Frantziaren lankidetza mamitzear zeuden erakundeetan (NATO, EEE etab) noizbait onartua izan zedin, edota Saharan nahiz Mauritanian elkarri laguntzeko.

                                        Carlos Rilova

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: