"Fracking" eztabaidagarriak nazioarteko oreka aldatuko
Azken lau urteotan Energia sailburuorde izan dugun Xabier Garmendiak aditzera eman bezala, Arabako hainbat sorotako lurpean 185.000 milioi metro kubiko arbel-gas daude. Hau da, eurotan, 30.000 milioi adina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren hirurogei urteko gas-kontsumoa beste. Datuok ikaragarriak dira. Ez dago egiazko ekonomiarik zifra horiei ez ikusi egingo dienik.
Frackingik ez lelopean arabar arbel-gas hori ustiatzearen aurkako taldeak eta elkarteak indarrean jarri dira hasiera beretik, teknika arriskutsuez lurpean egin beharreko haustura hidraulikoak eta zulaketa horizontalak kalterako baino ez direlakoan. Xabier Garmendiak adierazi izan du, ordea, ustiatzeari ekin aurretik izan daitezkeen arrisku guztiak ikertu eta aztertuko direla, beti ere Europar Batasunak ezinbestekotzat jotzen duen "zuhurtasun-hastapena” gogoan hartuz.
Energiaren geoestrategia aldatzen ari
Bitartean, onerako nahiz txarrerako, batere zalantzan ez dagoena zera da: oraintsu arte ezezaguna zen fracking deitu ustiatze-sistema honek aldatu duela honezkero munduaren energia-oreka.
Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuei bagagozkie, hidrokarburu ez-egiunezko hauei esker, munduko lehen gas-ekoizlea EEBB izango da, 2015 urtean, Errusiaren gainetik; eta lehen petrolio-ekoizlea, berriz, 2017an, Saudi Arabiaren aurretik.
Honek esan nahi du, EEBBk, egun, bere petrolio-kontsumoaren %60 inportatzen duen arren, %25 besterik ez duela kanpoan erosiko. Eta, orain, gas-kontsumoaren %10 erosi beharrean badago ere, ondoko urteetan %5 esportatu ahal izango duela.
Edo, nahi bada, beste modu batez esanda, EEBB berriro ere munduko herrialderik ahaltsuena izaten jarraituko duela, Txinaren aurretik; iparamerikarrek utzi ahal izango diotela Ekialde Ertainean erosteari; ondorioz herrialde arabiarrenganako menpekotasuna zeharo murriztu eta orain arteko oreka geoestrategikoa aldatuko dela, besteak beste fracking sistemari esker.
Eta ez dut uste geoestrategia-politikaz, haustura hidrauliko teknikaz edo ez-egiunezko hidrokarburuez lar jakin behar denik pentsatzeko, dugun krisi honekin eta Europar Batasunaren irizpideei muzin eginez, 30.000 milioi euro lurpean gorde ahal izango ditugunik.
Haustura hidraulikoa eta zulaketa horizontala