Hitzaurre goreslea inork idaztea hobe
Bost hilabete inguru joan dira Breve historia de Euskadi. De los Fueros a la autonomía kaleratu zenetik hona, eta ezin esan behintzat liburuak oihartzun handirik merezi izan duenik inon. Argitaletxearen, banatzaileen zein liburu-denden hala beharrezko aipamentxo soilak izan ezik, iruzkinen bat edo beste baino ez dut han-hemenka aurkitu. Nago, ordea, euskal historiografia ez dela lantzean behin kaleratzen diren zabalkunde-ekarpenak honen erraz baztertzeko bezain oparoa.
José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta Coro Rubio Pobes historia-irakasleen eskutik, liburuak bost parte ditu: sarrera (Introducción al país de los Fueros) zein epilogoa (La Euskadi actual: 1980-2010) eta hiru aro nagusi: El ciclo bélico: Fueros y Constitución (1808-1876), El ciclo del pluralismo vasco (1876-1937) eta De la Dictadura a la democracia y la autonomía (1937-1979). Guztia, oro har, XIX. mendean bataiatu zen ‘Provincias Vascongadas’ barrutiaren ikuspegitik.
Ene irudiko, liburuaren onena, interesgarriena eta gomendagarriena sarrera eta 1876 arteko aurrenengo zatia da. Hainbat euskal gatazkaren eta aldarriren nondik norakoa zilegitzeko 'historia' aipatu ohi da sarri, eta beti ere komenigarri da jakitea historia ez dela gurekin hasi, ezta gurasoekin edo gurasoen gurasoekin ere. Zabalkundeari dagokion aldetik, liburuaren lehen 110 orrialdeak arrazoi aski dira, besterik gabe, liburua erosteko eta irakurtzeari ekiteko.
Liburuaren txarrena, berriz, autoreen hitzaurrea. Ni ez natzaizue historialaria eta, behar bada, hiru egileok arrazoi izango dute, baina katedradun orojakileen modu jakintsu eta harroputz-punttu horrek hazkura eragin dit. Jakina (?) hiru irakasleak –beste hainbat ez bezala, noski— zehatz profesionalak, neutralak eta arrazoizkoak direna, baina hori, egia balitz ere, sinesgarriago litzateke beste norbaitek esan izan balu. Ze premia dago gero norberaren burua zuritzen hasteko? Txarrena da, liburuan aurrera egin ahala irakurlea hitzaurreaz gogoratzen dela ezinbestez eta… excusatio non petita accusatio manifesta.
Hitzaurre goraipatzailea inork idaztea hobe.