Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Foku larregiak argia lanbrotzen duenean

Foku larregiak argia lanbrotzen duenean

Amatiño 2023/05/28 23:00
Azken hamabost urteotan 'trending topic' den Ur-ispiluaz (1) gainera, bi omen dira kanpoko turistek nahiz Akitaniako bertako bisitariek  Bordelen ezagutu beharreko ikuskizunak: Natura Zientzien Museoa eta “Argien Urmaela". Besteak beste, biak dira, eraz eta moldez, tajuz eta zentzuz, proposamen guztiz kontrajarriak, elkarren antipodetan dauden bi eskola, bi jarrera... mundu bi.

Natura Zientzien Museoa

Bordeleko Natura Zientzien Museoa XVI. mendeko Lisleferme jauregian (1889an eraberritua) kokatua dago, hiri-erdiguneko Landareen Jardinean. Gizakia naturaren baitan barneratu nahi duten erakunde publikoen egitasmoa da, hiritar orori (adituak, ikasleak nahiz haurrak eta ezinduak izan) 3.500 lagin bertatik bertara ikusteko eta gozatzeko aukera ematen diona. Sekulako ondare baliotsua, baliabide museografikorik garaikideenez moldatua.

Natura Zientzia Museoak kultura-zabalkundea du helburu, ahalik eta erakuskaririk egiazkoenekin jokatzen du eta, besteak beste, Darwinen sintonian jartzen gaitu. Bata zuriko gidariak daude han-hemenka, behar besteko azalpenak emateko gertu, informazioa sakontzeko eta, ahal den neurrian, materialak aurrez aurre ikuskatzen, behatzen eta ukitzen laguntzeko. Ez dira, inondik ere,  txokoren batean diskrezio handiz, ezkutuantza, nork galdetu zain leudekeen azafatak, berariazko ekimenez eta enpatiaz hurreratzen zaizkizun gidari aktiboak baizik. Sarrera zein zerbitzu guztiak doan izan arren, ez dirudi lar jenderik dabilenik. Politto, baina ez inor aztoratzeko beste.

Natura Zientzien Museoa neskatoa
Espezieen jatorria
Natura Zientzien Museoa mutikoa
Izaki bizidunen aniztasuna
Argien Urmaela

Argien Urmaela, berriz, Bordeleko portu aldean dago, Garona ibaiaren estuario-bidean. Azken Mundu Gerran (1939-1945) Alemaniak Italiako itsaspekoentzat eraiki zuen basea da. Zementu armatuz jasotako eraikin garai eta garau bezain itsusia, sei-zortzi itsaspeko aldi berean gordetzeko (eta ezkutzatzeko) bestekoa, bonbardaketarik bortitzenen eragin latzei eusteko lain. Ez da teoria, aliatuen hegazkinek kupidarik gabe ondo asko frogatu baitzuten. Mende erdi luze geroago, zer egin ote zitekeen, bake-giroan, ia haustezina izateaz gainera, ezer gutxirako balio lezakeen hain eraikitzar galant eta zatarraz?

Zer egingo eta… “Argien Urmaelak”. Lan askorik behar ez duten bideoak burutu, merke-prezioan lortutako irudi arruntez ganora handiegirik gabeko gidoi orokorrak prestatu, inori buruhausterik emango ez dion hutsaren hurrengoko audio arinak ezarri eta…. gero gerokoak. Milaka lagun, etengabeko jende-ilara aspergarriak, abereak kortarik korta bezala, erlojupeko txandetan. Ilunpean, elkar sumatu ezinik bultzaka sartu, ahal den lekuan zutunik kokatu eta… voila! “Destination Cosmos". Testuari  baino begiradari amore gehiago emango dion muntadura, herensuge modernoak bailiren ikuslea txiki sentiaraziko duten  argi-zorabio erraldoiak. Pantaila itzali eta denok kalera. Ez dakigu zehatz zer ikusi dugun, baina, horratik, sekulako pantailaren aurrean izan garena bai, behintzat. Hala ere, auskalo guk behatu ote dugun pantaila, ala pantailak inguratu gaituen gu.

Iñigo Martinez Peña irakasleak bere azken saiakeran (2) dioen bezala, “pantailen garaipena ageri zaigu, edonon aurrera begira merkatuaren aurreikuspen digitala, aurrez aurre jarrita selfieak… eta behetik gora, aldiz, ez da ezer ikusten gehiegizko argiztapena dela medio. Fokuek ordezkatu ote dute Ilustrazioaren argia?"

1) Ur-ispilua

2) PANTAILAREN GARAIPENA. Begiradaren totalitarismoaren kontra. Elkar, 2023

Itsaspekoen basea
Bigarren Mundu Gerran, italiar itsaspekoen basea
Destination Cosmos
Itsaspekoen base-barruan: Destination Cosmos.


 


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: