Flyscheko gau-harmonian zehar
Ilargi betearekin batera Deba Natura elkarteak antolatu du –Diego biologoaren grina kartsua tarteko— afalosteko txangoa, Debako flyschean zehar. Orain hurrengo hamaika lagun bildu ginen eta oraingoan, berriz, hogeitaka.
Debatik Zumaiara bitarteko itsasbazterra da, Europako biotoporik oparoenetakoa. Hirurehundik gora omen dira marearteko zabalgunea, sekulako harmonian, elkarrekin partekatzen duten izaki bizidunak.
Guk ez genuen denak errenkadan ikusterik izan, baina bai, ostera, lanpernen senitarteko krustazeo txikerrak, itsas-zizareak, kabrarrokak, kabuxak, sepiak, muxarrakumeak, mihi-arrainak, muskuiluak, karrakelak, lapak eta denetariko karramarroak.
Olagarroak berak behatu gintuen segurutik, baina guk ez genuen, oraingoan, flyscheko erregerik ikusi. Hala ere, beste behin, txangoak merezi izan zuen.
Harea-karramarroa. Umetan ehundaka egoten ziren hondartzako itsasbazterrean. Atzeko bi eskuare horiek erabiltzen ditu hareatan sartu eta ezkutatzeko. Bere galzoria da, ordea, olatua gainetik pasatu arte begi bistakoa dela lagatzen duen aztarrena. Azpitik eskua sartu baino ez genuen izaten banan-banan harrapatzeko. Espeziearen hondamendia.
Kabrarroka zeharo "lurraldekoia" da. Bere esparrua markatzen du eta ez da bertatik ateratzen, etsaiak inguru-minguruan jardun arren. Oso "fotogenikoa" da.
Karramarro "iletsua". Haitzarteko apopilo ezaguna. Hagin zorrotzak ditu. Umeak gehien izutzen dituen karramarro-mota: "peludo bat!"
Karramarro berdea. Era eta moldez itsas-karramarroa da baina, gaztetan, mordokadak hartzen genituen Zumaiako Beduan, tomatetan egosi eta jan.
Kabuxa eta muxarrakumea. Kabuxa, ezkatak galdu eta haitzartean labainka "ibiltzen" ikasi duen arrain-mota da. Oso oker ez banago, gogoan-edo dut, umetan "busto" esaten geniola, baina orain ez dut inor aurkitzen horrelakorik baiesten didanik.