Kresala eta Garoa, bertatik bertara
Segurutik Sakonetatik Itzurungo hondartzarainoko flysha, Zumaian, Debako Aitzuritik Sorginetxeko muturrerainokoa baino ezagunagoa da, baina nik, aukeran, politagotzat dut mendabaldetik ekialderako ikuspegia, alderantzizkoa baino, udako ilunabarretan-edo izan ezik... eguzkia lotara joaten denean.
Irulearen Behatokitik zein Itziarko Amaren Bistatik Igeldo-gainerainoko (Mendizorrotz) panorama, nekez hobetu daitekeen ikuspegirik ederrenetakoa da. Eta bertan dago, gero. Debatik ordu laurdenen bat oinez, edo bost minutu urri autoz.
Aurreko larunbatean, sekulako eguraldi aparta eta itsasbehera --benetan behera--, ura gardena zen inoiz garden izatekotan, eta kolorea, berriz, itsaslabarra bezain zaharra, latina Euskal Herrira heldu baino lehenagokoa, behintzat, ez baitzegoen berdea ala urdina ote zen bereizterik ere.
Dena dela, ingurumari honetan ni gehien harritzen nauena zera da: itsasoa zein itsaso den, berrehun metro eskasera lehorra gogotik lehorra den artean. Kresala eta Garoa, bertatik bertara.
Eskuinetik ekinda, Aitzuriko bi begiak (15x20 m. bakoitza). Erdialdean, Sakonetako hareatza. Haratago, Zumaiako itsaslabar zuria. Eta, ezkerraldeko barren-barrenean, Mendizorrotz
Ur gardena, gardenik bada, marearteko zabalgunean. Irulearen Behatoki ondoko errepidetik hartutako argazkia
Irulearen Behatoki gaineko muinoan, berriz, baserri-giroan, Santa Katalina. Lehen agiriak XVI. mendekoak diren arren, Santiagorako bidea omen. Ezkerraldean, olatuak begi-bistan.
Santa Katalinatik hurbil, udaberria heldu zaio zaldi-familia honi. Baita, barrena, hiru moxal ere