Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Filma eta bere zertzeladak

Filma eta bere zertzeladak

Amatiño 2023/05/17 09:00
“Gelditasuna ekaitzean” filma ez da hasi eta buka sinesgarri gertatzen; ezin esan, ostera, ezinezkoa denik. Elkarrizketak behartuegiak suertatzen direla? Baina, arrano-pola, ez al dira ba nolabaiteko taula gainean ari? Agian ez dira beti erabakirik onenak hartzen baina, inork ezagutzen al du beti asmatu duenik? Zoriontsu al zara? Eta zu?
Filma eta bere zertzeladak

Loreto Mauleon

Gelditasuna ekaitzean oso film donostiarra da. Ez da, ez, turismo komertzialari begira osatua, baina donostiarrek gogoan dituzten hainbat topiko tipiko biltzen ditu, ezinbestean-edo: Kontxako hondartza, baranda eta eskailerak, badiaren ikuspegi orokorra, Igeldoko funikularra, Musikene, Altxerri, jazza, kulturazaletasuna, hirigintza, Urumea, janzkera, frantses ukitua edo fereka, munduan politenetakoaren leloa… Baita eguraldi euritsu, haizetsu eta hezea ere, pantaila karratuan (4:3) eta zuri-beltz zaharkituan gainera, Pio Barojaren garaiko irudiak balira bezala. Horrez gainera, giro kosmopolitaz jantzitako hiri euskalduna*. Ez da, gero, gutxi.

Seguru horrek guztiak balio duela donostiar, giputz edo euskal ikusentzulea animatzeko; beste kontu bat da, ordea, urrunagoko publikoa erakartzeko nahiko ote den. Hau da, niri, filma, kritikek iragarri edo iradoki baino dezente gehiago gustatu zait, besteak beste erromantiko eta malenkoniatsu samarra naizelako, baina beldur naiz erromantizismo eta malenkonia anoa berberarekin ez ote nintzen nabarmen aspertuko, Donostian gertatu beharrean Oviedon edo Lyonen izan balitz, esaterako. Areago, horrela balitz, behar bada ez nintzatekeen joan ere egingo. Izan ere, onagoak edo txarragoak izan arren, film guztiek dituzte euren zertzeladak, ikusentzule bakoitzak bere zirkunstantziak dituen bezalaxe.

Orduan hau egin izan banu… beste hori esan izan ez bazenu… halakoan benetalariago moldatu izan bagina… Balizko errotak urik ez, edo ura joandako presaren pareko atsotitz, errefrau eta alegiak. Baina horrela izan ez balitz, bizitza besterik litzateke, ezer gutxi gehiago ez, eta kitto.

Eta ez soilik Alberto Gastesi zuzendari donostiarrak kontatu nahi izan digun istorioaz, baita istorioa bera kontatzeko egokitu duen filmaz ere. Kolorez egin izan balu… hainbat sekuentzia laburtu izan balitu… pausuren bat edo beste horren lauso edo lanbrotsu utzi izan ez balu… zenbait hitz-jario gehiago landu… ekaitzen batean ez lar gelditu… Baina orduan beste film bat izango litzateke, eta Gastesik berea du maite. Zer gerta ere, eskerrak gero Loreto Mauleon film osoan zehar laga digun!

Gelditasuna ekaitzean filma ez da uneoro sinesgarri gertatzen, baina bai, ordea, posible. Elkarrizketak antzeztuegiak irudikatzen omen dira, baina, ze demontre, eszenan gaude. Agian ez dira beti erabakirik onenak hartzen baina, nork asmatzen du beti? Zoriontsu al zara? Tira, ha zer galdera, lar zorigaiztoko ez, behintzat!

* Eta protagonista nagusi biak, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi, “Goenkale” harrobikoak.

Gelditasuna ekaitzean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: