Elkarri begiak ikusteko nazioarteko topaketa
Ferroforma 1974an sortu zen, egun hitzetik hortzera aipatu ohi diren hainbat kontzeptu --lehiakortasuna, berrikuntza, nazioarteratzea, enpresa gizarte-erantzukizuna…-- zeharo ezezagunak ziren garaietan. Orduan, euskal lantegien merkatua espainiarra baino ez zen gehien-gehienbat. Gaur badira gurean %80 munduan barrena saltzen duten enpresak eta nola-hala erbestean lehiatzeko gauza ez direnek ateak itxi beharko dituzte berandu baino lehen.
Baina topaketa hauek ez dira salerosteko soilik, “elkarri begiak” ikusteko ere baizik, gaur goizean bertan Yesuf Selehadin enpresari etiopiarrak esaten zigun bezala: “Internetek balio du katalagoa ezagutzeko eta emailak lana ikaragarri errazten du, baina nik ez dut hitzarmenik itxi nahi izaten ene ekoizlea aurrez aurre ezagutzeke eta begietara begiratu gabe”.
Alok Nanda, berriz, indiarra da, eta Dubaiko Bhatia Brothers enpresaren zuzendari komertzial gisa dihardu. Lehen aldiz da Ferroforman. Ez da lanabes merke bila etorri, on bila baizik. Badaki ekialdeko beste hainbat merkatutan nabarmen merkeagorik aurkitu lezakeela, baina bere bezerorik garrantzitsuenak petrolio eta gas-erauzketan ari direnez gero kalitate zein segurtasun bila etorri da, Bilbon non aukeratu izango duelakoan.
Beste horrenbeste uste du Costa Ricako Julián Otalvaro (Invotor) enpresariak. “Euskal esku-erreminta ez da, ez, merkeena, baina ezta Estatu Batuetakoa bezain garestia ere, hangoa bezain ona den arren, dezente zerbitzu hobea eskaintzeaz gainera”.
Goizez zein arratsaldez lan egin ostean, iluntzean handik eta hemendik etorritako hirurogeita hamabosten bat lagunek elkarrekin afaldu dute bart, “munduko esku-erreminta sektorea guztion artean behingoz konpontzeko”, Gasteizko EGA Master enpresak urtero eratu ohi duen Anaiarteko nazio-topaketan, Portugal, Holanda, Alemania, Frantzia, Turkia, Mexiko, Costa Rica, Kuba, Ekuatore Ginea, Angola, Etiopia, Egipto, Arabia, Maroko, Australia, Nigeria eta beste hainbat herrialdetatik etorriak. Nabarmen gero sektore berekoak izan arren ez dituztela beti interes berberak. Hainbaten ustez petrolioaren garestitzeak krisia areagotu eta salmentak murrizten ditu eta beste zenbaiten iritziz, ostera, energia fosilen prezio-igoerak aberastasuna dakar eta, ondorioz, salmentak gehitu.
Julián Otalvaro costarricarra, Aner Garmendia eibartarra, Etiopiako Yesuf Selehadin eta Dubaiko Alok Nanda