Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Femeninoagoa izaten utzi nazaten nahi dut

Femeninoagoa izaten utzi nazaten nahi dut

Amatiño 2011/03/08 00:05
Berdintasuna, erabateko berdintasuna, itxurazko berdintasuna ezik sakonekoa, egiazko berdintasuna, emakumeak oihukatzen duen sexismoaren gainetikako berdintasuna ez da legez lortuko baldin barne-sentimendu pertsonalak eta dagokien hierarkizazioa geure baitan aldatzen ez baditugu. Eginak egin, gizonok “emakumeen kontuak” eta emakumeok “gizonen gauzak” bezalako esaldiak takian potian errepikatzen ditugun bitartean, honen errotua dugun korporatibismo sexistak indarrean jarraituko du eta diferentziak iraungo.

Las edades de Lulú liburu erotikoa dela eta, bere egilea, Almudena Grandes, bat-batean prentsan zein irrati-telebistan guztiz ezaguna egin berri zaigu, ez baita alferrik bere lehen nobela hau salduenetakoa Estatu espainiarreko merkatuan. Laster, filmez ere ikusi ahal izango dugu. Aipaturiko idazle honi egindako elkarrizketaren baten irakurri dudanez, gizonak izugarri gustatzen omen zaizkio eta gizonen mundua erabateko pasioz maite omen du, erlazio fisikoagatik ezezik baita harremank intelektual eta adiskidetasun soilagatik ere. Bere ustetan, gizonak emakumeak baino “osoagoak” omen dira, emakumeak, batez beste, gizonak baino artifizialagoak eta tranposoagoak direlakoan edo. Funtsean, Almudena Grandesek gusturago sentitzen omen du bere burua gizonen artean emakumeen artean baino.

Ez dakit nik hori guztia horrela den ala ez. Ez dut uste, bestalde, ezein emakume Almudena Grandes atzerakoi edota matxistatzat jotzen ausartuko denik; baina, hala ere, inork ez dit gero esango hizjario-sorta hori, besteak beste, sexista samarra ez denik ere. Nik neuk behintzat ez dut sekula pentsatu gizonen arteko harremanak intelektualagoak edo adiskidetsuagoak direnik eta, zer esanik ez, emakumeak artifizialagoak eta tranposoagoak izan daitezkeenik. Oker-oker ez baldin banago, nik sumatzen dudan apurrean behinik behin, jende argia eta adiskidetsua emakume zein gizonezkoen artean dago eta nekez defendatu daiteke hormona femeninoen poderioz emakumeak arinagoak, bihurriagoak eta azpijanean iaioagoak direna. Arketipo horiek zeharo sexistak dira. Eta ez da harritzekoa, besterik uste duen arren emakumea bera ere sexista hutsa da eta.

Sexismoaren aurkako burrukaren irrintzia inork oihukatu baldin badu gaur egun, oihukatzaile ofiziala emakumea da. Eta arrazoi du. Baina, aldi berean, ez da batere konturatzen bera ere erru berekoa dena. Hau da, hainbat emakumek uste du gai eta gauza handietan bakarrik agertarazten dela, legerian, lanpostuan, kalean, familia-erroletan eta ageriko gizarte-funtzioetan alegia. Baina, sexismoa, horren erraz eta nabarmen kanporatzen baldin bada, gugan hazia eta hezia dalako da. Izan ere, sexismoa, lehen eta behingoz, eguneroko arlo txiki eta ezkutuetan agertu ohi da, barren-barrengo sentimendu, izakera, jarrera, irizpide eta jokabideetan; eta beldur naiz honako barne-muinetako hauek ez ote diren harako kanpolarrosetako haiek baino garrantzitsuagoak eta aldagaitzagoak.

Gizon eta emakumeen arteko zorioneko berdintasuna erdietsiko bada, gizonak oraintsu arte nagusiki menderatu izan dituen hainbat lan-eremu eta giza-esparru emakumearekin banatu beharko ditu. Baina, era berean, azken 150.000 urteotako prozesua aldatu eta egiazko oreka gertatu dadin, emakumeak ere, bere aldetik, betidanik beretzat izan dituen sentimendu-barrutietan leku egin beharko dio gizonezkoari.

Emakumeak gizarte-protagonismo gehiago eskatzen baldin badu, gizon naizen honek sentipen-munduarekiko partaidetza gehiago aldarrikatzen dut. Emakumeak politikaz, ekonomiaz eta, oro har, ageriko gizarteaz orain arte baino gehiago arduratu nahi badu, arduratu dadila besterik gabe. Aspertuko da, etorriko da bueltan. Bere adimena eta lanbide-gaitasuna frogatu gura baditu, frogatu ditzala. Ez dadila geroko gerotan grina horretan asetzeke geratu. Zoririk onena opa dakioke eskarmentu berri horretan. Biana, jakina, esan gabe doa, baldintza bakar batez: trukean truke ez dezala gero pentsatu orain arte nagusi agertu izan deneko sentimendu-munduan “andre” eta jabe izaten jarraitu ahal izango duenik.

Zer gerta ere, naizen hau behintzat ez dago ezelan ere gertu sexu zakar eta zabarrarenak egiten segitzeko. Nik neuk kariñoso izateko eskubidea eskatzen dut, negar egiteko ahalmena lortu nahi nuke, sexu-ekimena erakutsiko didan emakumea amesten dut eta femeninoagoa izaten utzi nazaten nahi. Burusoila izateaz gainera hartz nabarra bezain iletsua den honek erakargarria eta maitabera izan nahi du, pelukeria-ostean nire aldaketaz nor ohartuko ote den zain nago eta alkandora berria estreinatuz gero norbaiten ezpainetan “ze polita” irakurtzea gustatuko litzaidake. Hots, banitatea eta pasioa ez direla femeninoak, maitasuna eta kuttuna ez direla ahuleriaren fruitu, balore afektibo eta estetikoak unibertsalak direla eta, joño, ez dudala bizitzaren eskaparatean beti, urteak joan eta urteak etorri, “gizonarenak” egiten aritu nahi!

Berdintasuna, erabateko berdintasuna, itxurazko berdintasuna ezik sakonekoa, egiazko berdintasuna, emakumeak oihukatzen duen sexismoaren gainetikako berdintasuna ez da legez lortuko baldin barne-sentimendu pertsonalak eta dagokien hierarkizazioa geure baitan aldatzen ez baditugu. Eginak egin, gizonok “emakumeen kontuak” eta emakumeok “gizonen gauzak” bezalako esaldiak takian potian errepikatzen ditugun bitartean, honen errotua dugun korporatibismo sexistak indarrean jarraituko du eta diferentziak iraungo.

 

Emakunde aldizkariaren 0 alean argitaratua. 1989

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: