Europako txapelduna
Begiak itxi eta asmatzeari ekinez gero denok sumatuko genuke zer den enpresa multinazioala: galanta, geldoa, urruna, hotza... Eta enpresa familiarra gogoan hartuz gero, ostera, hurbila, txikerra, malgua, bizkorra… Baina, nola litzateke berriz enpresa multinazional familiarra? Zenbaitek esango du horrelakorik ez dela, hori zirkulu karratua bezain ezina dela. Ba… ez. Barrena bada bat munduan. Gurean, gainera. Ega Master deritza eta lehena geratu da bart, "praktika onak" indarrean jartzen ahalegintzen diren Europako hainbat enpresaren artean.
Europako lantegien "praktika onak" saritzeko lehiaketa honetan 27 enpresak parte hartu dute --Iberdrola, Telefonica, GDF-Suez eta Ricoh, tarteko--. Azkenean sei geratu ziren Euskalduna Jauregian nork bere defentsa aurrez aurre egiteko eta, seietarik, EFQM epai-mahai ofizialaren eta bertan bildutako 300 inguru entzuleren artean hautatutakoak irabazi zuen: Ega Master gasteiztarrak.
Ega Masterrek industriarako esku-erremintak egiten ditu, 12.000 inguru erreferentzia, eta bost kontinenteetako 154 herrialdetan saldu: ekoizpen osoaren %85. Ez du inora bidaltzeko gutxieneko baldintzarik jartzen. Alaskatik Zelanda Berrira, Laponiatik Patagoniara, ale bakarra nahiz mila bidaltzeko gauza da, bezeroaren izen edo marka eta guzti, merkatuko prezio berean. Jakina, horretarako logistika aparta behar du, sekulako nazioarteko sarea eta urtero-urtero I+G+B delakoan %8ko inbertsioa egin.
Baina, jakina, teknologiarik onena ez da aski, giza-faktorea lantzen ez baldin bada. Ega Masterren langileek 32 urte dituzte bataz beste, eta emakumeak dira lantegian nagusi, bai oro har eta baita zuendari-postuetan (%62) ere. Denera egun lagun inguru eta guztion artean 17 hizkuntzaz dira mintzo.
Irabazitako sarien zerrenda amaitezina da, kudeaketaz, lehiakortasunaz, nazioarteratzeaz zein lan-harremanez, eta Nazio Batuen Mundu-Itunaren baitan ari den euskal enpresa bakarra dugu. Baina bikaintasun-sariak, urrezko-golardoak, merituzko garaikurrak edota eskerroneko goresgarriak hutsaren hurrengo lirateke baldin urtearen azkenean kontuak aterako ez balira. Eta Ega Masterrek datu bi nabarmen esanguratsuez erantzuten ari zaio krisiaren mamuari. Izan ere, nazioarteko merkatua maldan behera jausten jardun izan den bizpahiru urteotan, nazioarteko enpresa familiar gasteiztar honek %12 gehitu ditu lanpostuak eta %14 hazi, esportazioak.
Atzo, esan bezala, Euskalduna Jauregian, Europako "The Final of the Innovation Good Practice Competition" delakoaren azken saioa erabaki zen, 27 enpresaren artean Ega Master hautatua izan eta Iñaki Garmendia zuzendari-kudeatzaileak irabazlearen txapela jaso zuen, enpresa handi-mandi eta ospetsuak gainditu ostean.
Eta hau guztia zer da "herrigintza" ez bada? Hala ere, nekez aurkituko dugu komunikabideetan.
Iñaki Garmendia, irabazle-txapela jaso bezain laster
Bai. Iñaki Garmendiaren semerik nagusiena Eibarren jaioa da eta gazteena, berriz, Iñaki, Gasteizen.