Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezkontza galdutako lurraldetasuna

Ezkontza galdutako lurraldetasuna

Amatiño 2008/01/03 16:08
Hainbatek pentsatu genuen orain urtebete, 2007 urtea euskal lurraldetasunaren urtea izango zela. Baina ez bakegintza eta normalizazio politikoaren mahaiak ezer funtsezkorik erabaki lezakeelako arlo honetan, Iparraldean “Batera” plataforma sendotuko zelako eta Nafarroan, berriz, NafarroaBai koalizioak alderdien arteko oreka aldatu behar omen zuelako baizik. Baina, betiko baina, “Batera” baretu da eta NaBai aukera hobearen zain geratu.

Egia esan, lurraldetasuna baino, lurraldetasun  politikoa da eskakizunen zerrendan gehienbat nabarmentzen dena,  bestelako lurraldetasunak bai baititugu inori eskatu beharrik gabe ere. Lurraldetasun fisikoa, geografikoa, historikoa, linguistikoa, soziala, turistikoa... nola edo hala  izan badira, liburutegietan begiratu besterik ez dago; baita eguraldi-lurraldetasun ere, Euskal Telebistari esker. Nonbait, falta zaigun lurraldetasunik bakarra edo, politikoa da.

Eta ez gero pentsa lurraldetasun politikoaren kontu hau samurra denik. Segurutik eskatzea libre da eta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez omen (?) da arazo handirik baina ez dirudi  Iparraldean eta Nafarroan iritzi berekoak direnik.

Iparraldean zein Nafarroan indarrean dauden alderdiek ez dute euskal lurraldetasun politikoaren kontu hau batere gustuko. Jakina, zenbaitek esango du ez dutela arrazoirik, herriaren kontra daudela eta gainerako petralkeriak. Baina gertatu, gertatu egiten da ordea, herriak emandako botoekin irabazten dutela... Horretara, hainbat euskal aldarrikapen sakon esne-berba arol besterik ez dira praktika politikoan.

Soluzioren bat izan zitekeen lurraldetasunaren kontra daudenak estu hartzea, presionatzea, mehatxatzea, izutzea edo kanpora botatzea. Baina “Maité” pelikulan Obdulio kubatarrak euskaldunei gogoratu bezala: “Eso ya no se lleva”.  Are gutxiago, ekologismoa, antimilitarismoa eta feminismoa hitzetik hortzera aipatzen den garai honetan.

Hain zuzen ere, behar bada soluzioa feminismotik etorri daiteke. Orain arte Iparraldea eta Nafarroa maite izan ditugu gizonezkoen maitasunez. Esan bai, “zein nerea zaren” eta “zenbat maite zaitudan”, baina sekula aukerarik ziztrinena ere eman gabe. Zer esanik ez   “la maté porque era mía” eta horrelakoak. Eta ez pentsa gero tangoren bat denik. Ez. Inor hil beharraren argudioa ez da azken berrogeita hamar urteotan batere erretorikoa edo poetikoa izan, guztiz erreala baizik.

Eta hasiko bagina, behingoz, Iparraldea eta Nafarroa emakumeen maitasunez gura izaten? Hau da, lausengu gutxiagoz eta leialtasun gehiagoz. Iparraldeak eta Nafarroak ez dute euskal arraren gidaritza eta kontrolik behar, emakumearen laguntza xarmangarria baino. Eskakizun gutxiago eta konfiantza gehiago. Presa urriago eta patxada joriago. Jakina, Euskal Erkidegoa Iparraldeaz eta Nafarroaz maiteminduta dagoena; kontua da, ordea, Iparraldea eta Nafarroa ez daudela gutaz maiteminduta... sinesteko bezain apalak ez garen arren.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: