Ezker abertzalearen froga-harririk eza
Ezker abertzaleak irteerarik gabeko eskaintza gatazkatsuak egiteko trebetasuna izan du sortze beretik: amnistia orokorra hutsaren hurrengotzat jo, haustura demokratikoa proposatu, borroka armatua hil ala bizikotzat onetsi, herri-erakundeak arbuiatu, euskal lurraldetasuna batere zirriturik gabe aldarrikatu, gainerako alderdien hautuak gutxietsi… Denak ere –Herriaren izenean-- ezinbestekotzat omen ziren jokabideak eta, gero, batere argudiorik edo azalpenik gabe, egun batetik bestera firin-faran esne-berbetan urtu, ahaztu edo gozatu direnak, nonbait.
Ezker abertzaleari ia berrogei urte kostatu zaio 1970eko hamarkadan abian jarritako demokraziaz baliatzea, armen estrategiaren ezintasunaz konturatzea, erakundeen ahalmenez jabetzea eta euskal lurraldeen hiru erritmoak aitortzea. Orain, aurrerantzean, auskalo zenbat urte gehiago behar izango ote dituen ohartzeko, politika politika baino ez dela, norberarenak bezain zilegi direla gainerakoen hautuak eta euren proposamena bat gehiago besterik ez dela.
Hain zuzen, azken berrogei urteotan erakutsitako esperientziaren ondotik, ezin esan, inondik inora, ezker abertzalea izan denik proposamenik emankorrena jorratu, lorpenik oparoena erdietsi edo bermerik gehien eskaini duena. Eta, ondorioz, aurrera begira, ezta estrategia politikorik sinesgarriena asmatu dezakeena ere.
Ezker abertzaleari edozein zuzi gartsuren argimutil izatea gustatu ohi zaio; froga-harria eskatzerako orduan, ostera, nahiago izaten du piper egin.