Ezker Abertzaleak ez du jarduera armatua zalantzan jartzen, abagunea baizik
Jarduera armatuaren amaiera. ETAren erabakirako arrazoiak izenburupeko txostena argitaratu du JAKIN aldizkariak (197. alea – Uztaila-abuztua, 2013). Hogeita bi orrialdeko azterketa burutzeko, AMIA (Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahalguneak) deritzan analisiaz baliatu dira egileak. Saratxok eta Zabalok hasiera beretik diotenez, 2011ko urriaren 20an ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzen zuela egindako iragarpenak “era guztietako interpretazioak izan zituen, oso politizatuak gehienetan, eta arrazoi, edo arrazoi ildo, bakarrari loturik normalean”. Beraiek, nonbait, erabaki hura beste hainbat ildotatik ikertu nahi izan dute eta, jakina, ez hain “politizatuak”.
Txostena hor da nahi duenak irakur dezan. Ene irudiko, lerro arteko matazan galtzeke, testuak ideia nagusi bi jaramonarazten dizkigu. Batetik, hotzikara ematen du jarduera armatua enpresa-estrategiak arakatzeko tresnaz aztertzeak eta, zer esanik ez, erabakirik onena hartzeko metodologiaz baliatzeak.
Bestetik, esan bezala, “ETAk eta Ezker Abertzaleak egiten duten balorazioan, jarduera armaturari balio historikoa onartzen zaio, baina zalantza handiak pizten dira momentuko balioaz”. Arazoa da, nonbait, momentu honetan zulotik nola atera. Historian zehar egindakoa ez dago zalantzan.
Beti ere, ondo dago horren argi jakitea.