Ezjakintasunaren ausardia
Honetaz guztiaz gogoratu naiz, eskuratu ahal izan dudanean 1924 urtean argitaratutako liburuxka bat non, 90 orrialde ingurutan biltzen diren, 1921an Jesus M. Leizaolak, Jose Migel Barandiaranek eta Jose M. Olaizolak Donostian emandako hitzaldi bana. Lotsaz gogoratu ere, 42 urte geroago argi eta garbi oroitzen naiz-eta, non eta noren aurrean gutxietsi nuen Leizaolaren jakinduria.
Jainkoari eskerrak, informazio eta ofizio gehiago nuen bost urte geroago, 1979ko abenduaren 16an Leizaolak atzerria utzi, behingoz ofizialtasun osoz euskalerriratu, San Mamesen 35.000 zaleren ongietorri beroa jaso eta, Gernikan, 1936ko Eusko Jaurlaritzaren zilegitasun sinbolikoa Garaikoetxea lehendakari berriari luzatu zioenean.
Berrogeita hiru urte erbestean bizi ostean, alderdi konstituziozaleek ez zioten zilegitasunik onetsi eta Herri Batasunak ez zion zekarren helburua onartu: “Leizaola jauna: zu babestera zatozen Estatutuak ez du Euskadira ez demokraziarik eta ez bakerik ekarriko”. Gertatua gertatu, geroztik bistakoa da “lehendakari zaharra” omen zena ustezko ezker abertzale gaztea baino 40 urte aurreratuago ari zela ordurako.
Leizaolaren emaitza
Aitzaki-maitzakitan nire burua zuritzeke, erantsi beharko hala ere, berrogei urteko diktadurak ukatu zigun oinarrizko informazioa berreskuratzeko abagunea eman zigula demokraziak, eta, gaur egun, jakin nahi duenak jakin dezakeela nor izan zen eta zer egin zuen Jesus M. Leizaolak.
Besteak beste, bera izan zen 1922an, Alfonso XIII.a erregearen aurrean “Queremos la Universidad Vasca” pankartarekin plantatu zirenetakoa; bereak dira Ekin argitaldariak euskal poesiaren inguruan argitara emandako dozena erdiren bat ale; eta berak idatzi zuen, 27 urte baino ez zituela, “Literatura Vasca” atala, Espasaren “Hispano-Americana” entziklopediaren eskariz.
Leizaolak, Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzan Justizia eta Kultura sailburua izan zelarik, Euskal Unibertsiteari ekin eta Medikuntza Fakultatea indarrean jarri zuen, baita lehen “Colegio Oficial de Profesores de Euskera” delakoa sortarazi ere.
Segurutik izango da gurean Leizaolak baino dezente gehiago egin duenik euskal kultura eta euskararen inguruan, baina gutxiago egindako superabertzaleok eta supereuskaltzaleok hegan egingo bagenu, ez zen sekula eguzkirik ikusiko.
Jesus M. Leizaolak Donostian (1921.VI.24) emandako hitzaldiaren lehen orrialdea. Artean, 25 urte zituen