Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezin ba, ipurdi gainean, “atsegin handiz” jarri

Ezin ba, ipurdi gainean, “atsegin handiz” jarri

Amatiño 2010/07/26 00:05
Frantziako Txirrindulari Itzuliak --eta Tourmaleteko edota erlojuz kontrako azken etapek bereziki-- hainbat sorbalda, mokor eta ipurdigain ikusteko betarik eman digu. Besteak beste, Radioschack, Caisse D´Epargne, Sky, BMC, Sungard, FDG, Robobank edo Cofidis tankerako marka komertzialak zuriz irakurri ahal izan ditugu erraz asko zenbait atzealde beltz, urdin eta gorritan. Dezente zailago, aldiz, Euskadi marka berdea laranja-koloretan

Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariek Euskadi izena jarri dute aurten estreinako ipurdi gainean Frantziako Tourrean zehar, azken hamar urteotan jarri izan den Pays Basque delakoaren truke. Ez naiz ni aldaketak erakarri duen polemikan sartuko. Nik badakit duela hamar urte Pays Basque jartzea erabaki genuenok ez genuela xede politikorik izan arrazoi komertziala baizik (Europan Pays Basque izena Euskadi deitura baino ezagunagoa zelakoan) eta sinetsi nahi nuke oraingoek ere arrazoi  komertzialak izan dituztela gogoan (Pays basque, Frantzian, Iparraldea baino ez omen delakoan). Edozein modutan ez da polemika hau ni gaur nakarren gaia.

Hainbatek ez badaki ere, ipurdi gaineko leku zehatz hori 2001 urteko turismo-leloa jartzeko apropostzat jo zen baina, aldi berean, orduantxe hautatutako lelo berria Atsegin handiz suertatu zen. Ez zen segurutik hura lelorik txarrena, ezta ipurdi-gaina leloa jartzeko lekurik baldarrena ere, baina biak elkarrekin nekez izan zitezkeela uste izan zen, gaur eta hemen esan gabe doazen arrazoiengatik. Ondorioz, zerbait jarri behar eta, taldea Euskaltel-Euskadi zenez gero (Jaurlaritzak batere publizitaterik ordaindu ez arren), Pays Basque jartzea erabaki zen, iragarki-ordaintzaileak (Turismo Sailak) ildo bereko informazio gehiago eskaintzen ziolakoan turista europarrari (Pays Basque, Basque Country, Baskenland, Paese Basco etab.).

Gauzak honela, garrantzitsuena ez da honez gero Pays Basque edo Euskadi jarri. Kontua da, orain hamar urte Pays Basque letra zuriz agertu ohi zela culotte beltzean eta oraingoan, aldiz, Euskadi berdez agertu izan dela elastiko naranja gainean. Sekulako aldeaz, hau da: lehen irakurri egiten zela eta orain, berriz, ez. Diseinua zaintzea ondo dago, baina hemen eta Kontxintxinan irakurtzen ez den publizitateak, zeinahi delarik leloa, ez du ezertarako balio.

 

Laisekak estreinako eraman zuen "Pays Basque" marka Luz Ardiden (2001) mendateraino

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: