Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezezagunak 0 – Claudio Bravok 2

Ezezagunak 0 – Claudio Bravok 2

Amatiño 2014/06/19 22:00
Futbol-zaletasunak eta atxikimenduek ez dute beti nondik norako zehatzik izaten. Atzoko partidan nire ilobarik nagusienak Txileren aldeko postura egin zuen. Segurutik joan zen astean ez zekikeen Txile non arraio zegoenik ere, baina atzo, ostera, Claudio Bravoren alde jarri zen, donostiar atezainaren alde alegia. Espainiarren artean ez zuen, antza, erreferentzia ezagunik aurkitu. Ezin ba, atxiki.

Futbol-zaletasunak gutxitan izan ohi du arrazoizko esplikaziorik eta, are gutxiago, talderen baten edo besteren aldeko atxikimenduak. Zergatik familia berean --gurean behintzat-- ume bat da zurigorria eta bestea, aldiz, txuriurdina? Auskalo.

Gure ilobarik nagusiena futbolzale amorratua da. Zazpi urteko neskatila, futbolean zoragarri egiteaz gainera, Eibarzale zintzoa da, baita txuriurdina ere, eta, kanpora begira, Messiren Bartzelona du ezagun eta maite. Atzo, berriz, Txileren alde egin zuen nabarmen.

Egia esan, hainbat ordu lehenago Espainiaren alde zegoen, bera “española” zela agiri-agirian aitortuz; baina partida hasi orduko konturatu zen, nonbait, Espainiako jokalarien artean ez zegoela aparteko zirrararik eragingo zion ezagunik inor eta Txilekoen artean, aldiz, Claudio Bravo atezain “donostiarra”…  Besterik gabe, errealaren elastiko aproposa jantzi, Txile animatzeari ekin eta… baita pozarren irabazi ere.

Sarri askotan arrazoi politiko bila aritu izaten gara azalpenik ez duena azaltzeko, arrazoi politikoen azpian, batere politikoak ez diren arrazoirik ezak izan daitezkeena jakiteke.

Ni bat nator Euskadik, Euskal Herriak edo dena delakoak Espainia limurtu beharko lukeela uste dutenekin. Baina honek ez du esangura Espainiak ez lukeenik ahaleginik egin behar euskal gizartea erakartzeko.

Beldur naiz, ordea, ez batzuok eta ez besteok ez dugula elkar ezagutzeko behar besteko ahaleginik egiten. Bai, badakit honezkero irakurleren batek pentsatu duela: "Ahalegina? Zertarako elkarrekin bat etortzeko ahaleginik egin?  Bakoitza bere bidetik eta kitto!"

Ni ahaleginak egitearen aldekoa naiz, ordea. Hori da, hain zuzen, irakurle horren eta nire arteko aldea. Aldeetako bat, behinik behin.

Bravo

Erreferentzia ezagunen onura

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: