Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezagutzaren ibilbidea (500-1500)

Ezagutzaren ibilbidea (500-1500)

Amatiño 2019/12/13 10:05
Eskolan erakutsi ziguten, Erromatar Inperioa V. mendean hondoratu ostean, grekolatindar kulturaren oinordetzak gainbehera egin zuela Europan zehar, hainbat mende luzetan barrena.
Ezagutzaren ibilbidea (500-1500)

Azala

Garai ilun eta antzu hari Erdi Aroa deritza eta jakin-nahia ez omen zen berriro lehengo ildoetara itzuli, Florentziako zein Veneziako eliteek XVI. mendetik aurrera ezagutzaren kriseilua, ostera ere, berpiztu arte.

Inork ez zigun aipatu ere egin, ordea, 500tik 1500era bitarteko mila urtean arabiarrek zer egin zuten eta, are gutxiago, nekez ulertu zitekeenik XVI. mendeko grekolatindar kulturaren Errenazimendua, arabiarren zubigintza eta lekukotza izan ez balira.

Mila urte luze horietan barrena arabiarren eskutik ezagutzak jorratu zuen urraspidea aztertzen du Violet Moller historialariak. Hasi, 21 urte besterik ez zituela hasi omen zen, han-hemenka, erdi-turista gisa, bazterrak miatzen eta denetariko agiriak biltzen, eta 44 urterekin argitara eman du, aurten, La ruta del conocimiento * (Taurus, 2019) delako kontakizun historikoa, non azaltzen duen Errenazimendua ez zela izan Florentziako adituek eta artistek euren arbasoen artxibo zaharretan berreskuratutako ondare soila, baizik eta, neurri batez, arabiarrek bildu, arabieraz itzuli eta belaunaldiz belaunaldi eurenganatutako jakituria.

Beste modu batez esanda, XVI. mendeko europar jakintsuek ez zutela VI. gizaldiaren kultura-ondarea berraurkitu grezieraz edo latinez, arabieraz baizik. Hau da, arabiarrek denboraz bildu, itzuli, maitatu eta gorde izan ez balute VI. mende arte Europan landutako ezaguera klasikoa, XVI. mendeko europar adituek nekez jakingo zuketela mila urtez baztertu eta ahaztu zutenaren berri, Euklides, Galeno eta Ptolomeo handiak tarteko. Alegia, Europaren gau iluna arabiar herriak indartzearekin batera suertatu zela, zenbait arlotan behinik behin, ez baitzen alferrik Mahoma 570 urtean jaio.

Violet Mollerrek zazpi hiriburutako etapetan zehar kokatzen du mila urteko ibilbidea: Alexandriatik Veneziara bitartean, Bagdad, Kordoba, Toledo, Salerno eta Palermo tarteko. Zinez, gustura eta urbitsetan irakurtzen den kontakizun historikoa.

Onneca

Bitxikeria baino ez bada ere, euskaldunen presentzia agertu agertzen da Mollerrek eskaintzen duen 500 eta 1500 urteetako bi mapetan. Eta izen-abizenez, zeharbidean baino ez bada ere, aipatzen den euskaldun bakarra da Onneca printzesa Iruiñekoa (848-890 k.o.), Kordobako Abdullah emirrarekin ezkondu zena. Onnecaren biloba izan zen Abderraman III.a kalifa, zeinek begi urdin nafarrak izateaz gainera, bizar gorria zuen, benetako arabiar itxuraz jendaurrean agertu ahal izateko belzten saiatu arren.

-------

*The Map of Knowledge. How Classical Ideas Were lost and Found. A History in Seven Cities

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: