Ezaguera-kontua
Hamabost urtean kazetari-lanetan aritu ondoren nik uste nuen, 1979an, euskaldungo osoa nabarmen ondo ezagutzen nuela baina, Carlos Garaikoetxeak Pedro Migel Etxenike proposatu zuenean lehen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburutzat, nik ez nekien munduan inor zenik ere izen horrekin. Josu Oregiri galdetu nion nor ote zen eta erudito bergararrak erantzun: “Gaur egun bizi diren euskaldunetan, inoiz Nobel saria lortzera heldu daitekeen bakarra”.
Hala ere, uste baino lehenago ezagutu nuen, berehala Deia egunkariak Bartzelonara bidali ninduen-eta jakintsu-beldar hura elkarrizketatzeko. Unibertsitate Autonomoaren laboratorioan hartu ninduen, txabusina eta txokolo zuritan. 29 urte besterik ez zituen.
Ordurako, Etxenike gazteak gainditua zuen, 1972an, Cambridgeko Unibertsitatean sartzeko azterketa, Nafarroakoan Zientzia Fisikoetan lizentziatu ostean. Lau urte geroago, 1976an, Fisika Doktoretza (Philosophical Doctor) lortu zuenean, sarrera-etsamina egin zion aztertzaileari barne-muinetan gordeta zeukan galdera egiteko abagunea izan zuen:
Atrebentzia handia ez baldin bada, jakin nahi nuke zergatik onartu ninduzun orain dela lau urte, gero ikasteko aukera izan dudanez, orain bai baitakit ez nizula orduan batere erantzun zuzenik eman…
Eta sarrerako azterketa ontzat eman zion katedradun jakintsu bezain entzutetsuak erantzun:
Arrazoi duzu, Etxenike jauna. Baina nik banekien zuk ezin zenuela jakin nik egindako galderei erantzuteko beste. Nire asmoa ez zen zure jakite-maila neurtzea, zure ezaguera baino, ezjakinetik ateratzeko zure ahala alegia.
Berrogei urte geroago Etxenikek jarraitzen du hitz gutxiz ezaguera asko erakusten. Orain hurrengo, lagun arteko eztabaida batean, zenbaitekin bat ez zetorren solaskideak esan zuen:
Tira, dena dela, horrela izan daiteke edo ez, irizpide-kontua da…
Eta Etxenikek ezarri:
Ez, barkatu. Ez da irizpide-kontua. Ezaguera-kontua da.
Gernikako Estatutuak, 1980an, erakarri zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren hainbat sailburu. Ezkerretik eskuinera: Pedro Luis Uriarte (Ekonomia eta Ogasuna), Ramon Labaien (Kultura), Mario Fernandez (Lana eta Autonomia Garapenerako lehendakariordetza), Carmelo Renobales (Justizia), Pedro M. Etxenike (Hezkuntza), Luis M. Retolaza (Herrizaingoa), Carlos Blasco (Merkataritza eta Turismoa) eta Javier Caño (Lehendakaritzaren Idazkaritza).