Ez zuten nahi egin ez zutenik egin
Ezker abertzaleak jarraitzen du uste izaten borroka armatuaren estrategia ezinbestekoa izan zela, frankismoari erantzun ahal izateko. Beraiek asmatu zutela, beste guztiak oker zeudela, alegia.
Ezker abertzaleak jarraitzen du uste izaten, hauteskundeak tarteko, alderdi politikoez egituratutako sistema demokratikoan zilegi dela, arrazoi politikoen aitzakiaz, inor erailtzea. Zer esanik ez herriaren askatasunaren izenean egiten baldin bada.
Ez, ezker abertzalearen ustez ETAk ez du sekula marra gorririk gainditu. Arrazoia zuen, 1958an, diktadura garaian sortzean; arrazoia, 1977an, diktadura amaitu zenean; arrazoia, 1980an, herri-erakundeak erdeinatzen; arrazoia, 2011an, armak uztea erabaki zuenean; eta arrazoia, jakina, 860 hildakoren balantza egiterakoan, dena subjektiboa eta erlatiboa baita. Eta, gainera, erantzukizunik inori eskatzekotan, ez gero ezker abertzaleari ezer leporatu, diktadurari, askatasunik ezari, errepresioari, demokrazia urriari edo dena delakoari baino.
Baina ez. Ez da egia ETAk eta ezker abertzaleak nahi ez zutenik egin behar izan zutenik, euren nahi eta borondatearen kontra. Behar bada, paradoxa bada ere, oraintxe dihardute sekula nahi izan ez zutena egiten. Horregatik ez dute zorioneko “errelatoarekin” asmatzen.