Ez zuen sekula gertatu behar
Lasa eta Zabala, hasi eta buka, tentu handiz egindako filma da, segurtasun-sarez burututako thriller politikoa. Pablo Malok aldez aurretik zekien zein zirkutan sartzen zen, zein trapeziotan aritu behar zuen. Eta, arriskuak usatze aldera, fikzioa landu arren, epaiketa-agirietako datu, zertzelada eta esaldi zehatzetan oinarritu da, dokumentala bailitzan, etorri zitezkeen kritiken aurrean nolabaiteko defensa-amarauna osatzeko.
Datuok zehaztu eta segurtatu nahi honek zaildu du filma, behar bada. Urte asko (ia hogeitaka), gutxi zein asko zer esaterik duten pertsonaia ugari (57, omen) eta, aurrera-atzera, etenik gabeko makina bat joan-etorri gertaeren hurrenkeran.
Baina, zer gerta ere, hitz gurutzatu guztien azpitik eta irizpide zein aurreiritzi politiko guztien gainetik, egitura oneko film nabarmen ganorazkoa eta ikusgarria. Unax Ugalderen antzezlana, berriz, txapela kentzeko modukoa eta Pascal Gaigneren musika, benetan gogoan hartzekoa.
Kontakizun gogorra, hori bai, gertatu bezain latz ez adierazi arren: “gertatua hain izugarria izan zen eze, gertatu bezala azalduz gero sinesgaitz lirudikeela”. Ikaragarria ere bada gogoratzea Lasa eta Zabala 20 urte eskaseko gazteak zirela hil zituztenean eta 22-23 urtekoak, berriz, euren torturatzaile eta eraileak. Demasa.
Filmaren hasieran senide batek (Pili Zabalak) honelako zerbait dio: “Ez dadila berriro gehiago gertatu”. Bapo, baina nik zera ezarriko nuke: “Ez zuen sekula gertatu behar”.
Fede Arregiren fikzioa lekuko, zer nahi delarik helburua, denak ez du-eta balio.
Unax Ugalde, "Iñigo" letradua