Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez paper zikinik laga leku sakratuetan

Ez paper zikinik laga leku sakratuetan

Amatiño 2017/06/13 00:05
Sumatzen dut jendeak ez dakiela jentilbaratzeak ez direna –Oteizak besterik proposatu arren— hutsaren aldare, baizik eta –Barandiaranen ildotik-- Burdina Aroko gure arbasoen hilobiak; eta, horretara, beste edozein kanposantu bezain sakratuak.

Eibartar guztiek badakite Arrate Eguna irailaren 8an dena. Ez dira horrenbeste, ostera, XVI. mende arte abenduaren 8an zena dakitenak. Nonbait, ordurako ohikoa zen bezperan Arratera igo eta bertan gau-pasa egitea (zenbaitek kontu berria dela uste arren). Garaiko hotzak tarteko, beste aukerarik ezean, gaua eliza barruan pasatu ohi zuten erromesek eta, jakina, jai-giro hartan, denetik gertatzen omen zen. Lo ez ezik, baita jan, edan, botaka, larrutan, txiza eta gainerakoak ere, ez baitzen jendea gau erdian mendiratuko, barruko ertzeren batean erdi ezkutuan –edo ez— egin zitezkeenak lau haizetara egiteko.

Urteak joan eta urteak etorri, arima arduratsuren bati otu zitzaion, antza, ez ote litzatekeen aproposago jaia udan ospatzea, eguraldia samurtzearekin batera sasi-akelarre hari amain eman ahal izateko inguruko pagadietan barrena eta, bidez batez, leku sakratuan eginkizun sakratuak baino ez egiteko.

Bostehun urte geroago, orain ez du inork halakorik egiten eliza barruan. Egia esan, ez, behar bada, oraingo jendea ordukoa baino eskolatuagoa delako, edozein elizatako ateak gauez ixten dituztelako baino. Izan ere, ez dut pentsatu nahi ere, hainbatek zer ez ote lukeen egingo, iluntzetik egunsenti arte elizek irekita baliraute.

Elizak ezean, bestelako leku sakratuak dira, nonbait, gaur egun jendeak bere zereginetarako gogoko dituen tokiak. Izan ere, gure mendi eta basoetan erdi ezkuturik dauden mairu-baratze, jentil-baratze edo harrespila inguruetan, uste baino normalagoa da premia fisiologikoetan erabilitako paper-hondakinak aurkitzea. Ez naiz ni Paco Etxeberriaren eskolakoa eta, ezin ba esan, iritzira, zein zeregin zehatzetan erabili izan diren; baina begi-bistakoa da batzuk gaztaina kolorekoak diren artean, beste batzuk zuri-zuri dirautela, zeinetatik erraz samar eratortzen da --polimerozko puxika txikiak, lagun--, ez direla atzetik erabili, aurretik baizik.

Argi gera bedi, gero, honekin ez dudala nik esan nahi gure arbasoen izpirituak mindu edo asaldatuko direnik euren larrainean lantzean behin –arin-arin— libratzeagatik; eta are gutxiago –gozo-gozo-- txorta jotzeagatik. Baina, mesedez, erabilitako papera… zakarretara. Etxe onekook beti jakin izan dugu hondakinik ez dela, sekula, inorenean utzi behar.

Megalitikoa

Edozertarako erabili ohi den leku sakratuetako bat, Gipuzkoako itsas-hegian.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: