Ez merkeena, bai “ahozkoena”
Jakara joaten naizen bakoitzean beti da nire inguruan emakumeren bat hainbat krema ekartzeko enkargua egiteko gertu. Eta honezkero ohitu naizen arren, onartu behar dut aurrenengo aldian sekulako ezustea izan nuela: ze emakume-pila gero han-hemenkako arasetan zehar denetariko krema-potoak –-betiko amaitzear baileuden-- erosi beharraren beharrez.
Mercadonak morbo-punttua du, beste ezeinek ez dituen kosmetikoak baititu, salneurri dezente merkeetan eta, frankismo-garaian Baionako Aux Dames des France saltokira (Thiers karrikan) joan behar izaten genuen bezalaxe naranja koloreko “duralex” platerak erostera, orain jendeak Jaka, Miranda edo Santander aldera abiatu behar izaten du zaldientzako txanpua, kabiar-krema eta “seruma” (gazura) erostera.
Espainia guztian 70.000 langile finko (eta 400.000 zeharreko) dituen banaketa-enpresa honen arrakasta zertan den aztertu du Bizkaiko Dato Economico aldizkariak, eta haren “egiak” eta “gezurrak” bereizten-edo ahalegindu.
Egiak
-- Egia da krisiak jota amaitu zuen 2011 urtean zehar Mercadonak 6.500 lanpostu berri sortu zituela.
-- Egia, iragarki-kanpainarik gabe, ahoz aho, Mercadonak ospe onaz jabetzea lortu duela.
-- Egia, bere zenbait kosmetikok sekulako zoramena eragin duela, emakumeen artean batez ere. Inork ez daki onak bezain merkeak ote direlako, ala merke besteko onak direlako.
-- Egia ere bada, kremez gainera, hainbat berezko marka arrakastaz merkaturatzen asmatu duela.
Gezurrak
-- Ez omen da, ordea, egia, merkeena denik. Dato Economico aldizkariak eguneroko “otarre-erosketa” berbera egin du Mercadonan zein Eroskin eta harena honena baino %13 garestiagoa omen. Are gehiago, Bizkaitik atera gabe, Carrefour, Dia, Eroski eta Lidl saltegiak Mercadona baino merkeagoak dira, antza.
-- Ezta ere egia, kale-zurrumurruek besterik aditzera eman arren, Mercadonak arazoak dituenik euskal merkatuan sartzeko “bertako saltegi-sare handiren baten presioz”. Izan ere, laster irekiko du lehen saltokia Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez ei da sartu “orain arte nahi izan ez duelako”, eta ez inork eragozpenik jarri diolako.