Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eta espainiar "abertzalerik" handiena Alemania balitz?

Eta espainiar "abertzalerik" handiena Alemania balitz?

Amatiño 2023/03/06 07:35
Arantxa Tapia Ekonomia Garapen sailburuak “Euskadi desindustriatzeko” erabakia hartu izana leporatu dio Teresa Ribera Ekologia-Trantsizio ministroari, gas eta petrolio-hodien esportazioa errazteko orain arte indarrean zeuden abalak kentzeagatik. Alemaniaren azken erabakiek arrazoia eman diote Eusko Jaurlaritzari.
Eta espainiar "abertzalerik" handiena Alemania balitz?

Maria M. Gosse, Bilbon

Ez da argiegia izan behar sumatzeko, Euskadin dauden erreferentziazko bi hodi-enpresei Ribera ministroak esportazio-ahalmena zaildu arren, energia-trantsizioaren aitzakiaz,  nazioarteko oil&gas sektorea ez dela hodirik gabe geratuko, eta bai, ordea, Euskadiren diru-sarreren eta lanpostuen kaltetan gertatuko, merkatuko beste zenbaiten mesedetan.

Europak erabakia du 2050 urterako “neutralitate klimatikoa” lortzea baina, erronkarik izatekotan, gehiago da hurrengo belaunaldiaren maratoia, oraingoaren sprinta baino. Ez du parekotasunik Alemaniak (1) hurrengo urteetan bost gas-planta berri eraikiko dituen bitartean, Espainiak planta horiek behar izango dituzten hodien fabrikazioari oztopoak jartzea. Erridikulua da. 

Era berean, zeharo kontrajarriak dira  aurreko ostiralean Alemaniak  azaldu zuen jarrera (2) -- 2035etik aurrera erregai sintetikoak erabili ahal izatearen alde-- eta errekuntza-motor guztiak debekatzeko Espainiak proposatzen duen ezinezko agenda. Espainiar Gobernuak "patriotismorik eza" leporatu berri dio Ferroviali. Baina, abertzaletasuna molde horietan neurtuz gero, espainiar industria-sektorearen ikuspegitik, ez al da Berlingo Gobernua Madrilgoa bera baino abertzaleagoa? 

Norbaitek pentsa dezake Alemania ari ote den epeak mugaraino eramaten, baina auskalo Espainiakoak ez ote diharduen hutsaren truke hurrengo europar belaunaldien  ekonomia ahultzen. Garbi dagoena da Gobernu alemana (Berdeak tarteko) industrian oinarritu nahi duela alemanen (57.000 $ per capita) etorkizuna, Espainiakoak (29.000 $ per capita) etorkizun propiorik ez duen artean. Patetiko samarra, konplexuek jota inor baino berdeago agertu nahi izatea, gero, lanpostuak galtzeaz gainera,  inoren menpe geratzeko, 

Bost urtetik behin autoz aldatu ohi duten ahaltsuei, modelu elektrikoa erosteko laguntzak eman beharrean, hamabost urtetik behin aldatzeko arazoak dituzten xumeei  azken generazioko diesel normaltxoa erosteko “renove” plan eskuzabala eskainiko balitzaie (2), espainiar gizarteak, industriak eta ingurumenak nabarmen eskertuko lukete… nahiz, itxuraz baino ez, hedabideetan horren sasiberde ez azaldu.

(1) Otsailaren 28an Maria Margarete Gosse enbaxadoreak Bilbon zehaztu zuenez, El Correok eta Petronorrek elkarrekin antolatu hitzaldian.

(2) Neutralitate teknologikoaren izenean, eta motorrik kutsakorrenak trafikotik aterata.

(3) 2035 arte 12 urte falta dira, eta  abian ari den auto-trafikoaren adina 12,8 urtekoa da Euskadin eta 12,1 Espainian.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: