Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez dago industriarik gabeko etorkizunik

Ez dago industriarik gabeko etorkizunik

Amatiño 2020/05/26 22:00
Orain hogeita hamar urte inguru, industriaren ostean zerbitzuen-gizartea etorriko zela iragarri zuen hainbatek. 2008ko finantza-krisiak nahiz oraintsuko pandemiaren gainbeherakadak frogatu dute, ordea, gizarte industrialak izan direla krisialdiei egokien aurre egin dietenak eta gizartearen ongizateari ondoen erantzun diotenak.

Datuak ezin argiagoak dira. Industriaren soldatak zerbitzuenak baino %20 altuagoak dira, eta industriako lanpostuak zerbitzuetakoak baino nabarmen egonkorragoak. Industria da ikerkuntzaren, berrikuntzaren eta teknologiaren motorra; industriaren inbertsioa, ikerkuntzan eta garapenean, zerbitzuena baino lau aldiz handiagoa da.

Hala ere, egoskor asko, jarraitzen dugu industriari muzin egiten, industriaren etorkizuna eragozten eta, aitzakiarik txikienaz, ahal diren trabak jartzen. Eta gainera, zenbaiti entzunez gero, badirudi industriaren kontra hitzegitea ‘progre’ samarra-edo dela. Gu munduko azkarrenak bagina bezala; Alemania, Finlandia edo Norvegia mozoloak balira moduan, nahiz, gero, laguntza behar dugunean, eurei eskatu behar izan.

Gureak ez du beste etorkizunik Europa baino, eta zenbat eta iparralderago begiratu, hainbat hobe. Geure burua engainatuko dugu, industrian, ikerkuntzan, berrikuntzan, Lanbide Heziketan eta ingurumen-politiketan Espainian baino hobeto egotearekin konformatzen baldin bagara.

Aurrera egingo badugu, egunero gogoan izan beharko dugu, gure erronka, Europarena bezalaxe, industria eta teknologia dela. Gustuko ala ez, aitortu beharko dugu, ikerkuntzan eta berrikuntzan egiten dugun inbertsioa, Espainiarena baino altuagoa izan arren, Esloveniaren mailakoa baino ez dela, eta Austriaren edo Suediaren erdia, ozta-ozta.

Jabetu ere jabetu beharko gara, Espainiarekin alderatuz gero, gure gazteen Lanbide Heziketa garrantzitsua izan arren, ez dela Europar Batasunaren batez bestekora ere heltzen.

Seguru, gero, aukera guztiak direla defendagarri, baina ezin duguna zera da: geure burua engainatu. Ez behintzat gure ongizateari eutsi eta orain arteko besteko zerbitzuak jasotzen jarraitu nahi badugu. Inork amesten baldin badu industria indartsurik gabeko euskal gizarte berririk, kristoren sustoa hartuko du esnatzen denean. Eta bere seme-alabek ez diote barkatu.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: