Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez da Neptunoren mendekua, fisika hutsa baino

Ez da Neptunoren mendekua, fisika hutsa baino

Amatiño 2014/02/09 21:35
Gipuzkoar itsasbazterreko XVI. mendetik XX. arteko 109 grabatu, litografia, marrazki eta margolan biltzen dira Donostiako Untzi Museoak* ondoko sei hilabetean eskainiko duen erakusketan. Auskalo zein izan zen bilduma hau osatzeko orduan museo-zuzendaritzak gogoan izan zuen xedea baina, ezin uka gero, inauguratu bezain laster gertatutako itsasekaitz zakarrek inork sumatzen ez zuen ikuspegia erakarri ahal izan dutela.

Enbata, olatu garauak, itsasgora, klima-aldaketa… zentzuzko arrazoirik ez da falta izan otsailaren lehen asteburuan itsasbazterrean izan ziren kalteen zergatikoak ulertarazteko baina, behar bada, arrazoirik handienetakoa da ezer gutxi aipatu ohi dena, alegia: itsasoak bere esparrua baino ez duela tarteka-marteka aldarrikatzen.

Edo, beste modu batez esanda, guk besterik uste izan arren, ez dela egia itsasoak lehorrean sartu gurarik diharduenik. Alderantziz baizik, lehorra da itsasoan barrena aspalditxodanik sartua dena**. Hau da, Donostiako, Debako zein Zarauzko herri oso-osoak, esaterako, hareatzetan eraikiak direla eta olatu galantek behin eta berriz hondatu ohi duten donostiar Pasealeku Berriak (1914-1919) ozta-ozta ehun urte eskas baino ez dituela.

Otsailaren 2ko ekaitza ez zen inondik ere “sekulakoa” izan, 1950 eta 1960 hamarkadetan beste horrenbestekoak edo handiagoak gertatu baitziren. Eta orain laurehun urte jazo izan balira ez zen segurutik ezertxo ere pasatu izango, nahiz Kontxa hondartzako olatuek eta Urumea ibaiaren uholdeek bat egin.

Gizateriak mendeak daramatza itsasoari lekua kentzen, industria-aroaren aurretik eta klima-aldaketa zer zenik ere entzun baino lehen. Eta, dagoeneko, atzera egingo ez dugunez gero, lantzean behin itsasoaren haserrea jasan eta kalteak ordaindu besterik ez zaigu geratzen, espantu urriz eta diru ugariz. Egungo gizarteak ordaindu beharreko beste zerga bat  gehiago, besteak beste. Ez da Neptunoren mendekua, fisika hutsa baizik.

Mapa

Donostiako hiru hondartzak, ibaia eta Pasealeku Berria, gaur egun

Mapa zaharra 2

Donostia inguruko hareatzak, 1636ko grabatuan. Urgullpeko "laukia" baino ez da alderdi zaharra, harresiz inguratua. Gainerako guztia hondartza eta fadura. Lekutan zegoen lehorra! (Grabatua ahuspez jarri dut, goikoarekin errazago alderatu ahal izateko).

* Gipuzkoako itsasaldea artean. Erakusketa honek biltzen dituen grabatuetarik zaharrena 1592koa da.

** Hala ere, euskal itsabazterreko grabatu-multzorik oparoenak Fernando Altubek bilduak dira: De Biarritz a San Sebastián (1984) eta De Bilbao a San Sebastián (1987).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: