Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez da beti horrela izan

Ez da beti horrela izan

Amatiño 2019/06/04 09:00
Nire enpresa txikerraren fiskalitateaz arduratzen den Ainarak badaki paperak Foru Diputazioan aurkeztu behar direla, baina ez daki zergatik. Beti horrela izan omen da. Beti? Beti ez behintzat, neska… Zure “betikotasun” hori lar mugatua da. Izan ere, ezkondu osteko nire lehen errenta-aitorpenak Espainiako Ogasun Ordezkaritzari aurkeztu behar izan nizkion. Eta ni zahar samarra izango naiz, baina ez, horratik, Matusalen.

Nahiz sarri ez konturatu, berrogeita hamar urtetik beherako herritarrak nekez gogoratzen dira euskal erakunderik gabeko gizarteaz. Nolabait esateko, betidanik ezagutu izan dute Eusko Legebiltzarra eta lehendakariren bat edo beste Gasteizen. Ez dute gogoan euskarazko marrazki bizidunik gabeko telebistarik, eta, bat-batean galdetuz gero, pentsatuko lukete, euskal eskola publikoa, Osakidetza eta Ertzaintza gurean izan direla beti, bestelakorik ezinezkoa balitz moduan. Baita, jakina, Diputazioan egin beharra ere, urteroko errenta-aitorpena.

Segurutik Euskal Autonomia Erkidegoak gaur egun eskaintzen digun panorama zeharo normala da, eta normaltasunak ez du agian batere meriturik; baina, gezurra dirudien arren, ni neu, behintzat, urte gehiagotan bizi izan naiz normaltasun hori gabe, normaltasun horrekin baino.

Gernikako Estatutuaren aurreko eta Gernikako Estatutuaren osteko alderik handiena ez da ordukoek ez genuela eta oraingoek badutela. Ez. Alderik handiena da, ordukook bagenekiela zer ez genuen eta oraingoak ez direla zer duten jabetzen.

Komenigarri litzateke gure Ainarak jakitea, errenta-aitorpenak ez direla beti Diputazioan egin izan. Komenigarri litzateke Ainara konturatzea, ez duela derrigorrez beti horrela izan behar. Eta,komenigarri litzateke Ainarak gogoan izatea, besteak beste, bere esku ere badagoela, horrela izaten jarraitu dadin egin beharrekoak egitea.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Markos
Markos dio:
2019/06/11 21:02
Gogoko Amatiño, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioek zergen bilketa eta haratago galdu bazuten ere, bazen ARaban eta Nafarroan Foru Deklaraziorik egiterkik, hala? Gorantziak
Amatiño
Amatiño dio:
2019/06/12 22:53
Bai. Arrazoi osoa duzu. Nire iruzkin hori bizkai-giputzentrismotik idatzita dago. Ez du, agian, gezurrik esaten, baina, oharkabean baino ez bada ere, ñabarduraren bat zor dio egiari. Ni bekatari. Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: