Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eusko Ikaskuntzaren erronka nagusia

Eusko Ikaskuntzaren erronka nagusia

Amatiño 2018/04/03 09:00
Ehun urte betetzen dira aurten, 1918an jaio zela Eusko Ikaskuntza, Sociedad de Estudios Vascos delakoa. Hego Euskal Herriko lau diputazioen laguntzaz sortu zen eta lau helburu nagusiz: euskaldunen kultura-maila sustatu, euskal unibertsitatea sortarazi, autonomia politikoa garatu eta euskal ikertzaileak zein adituak bilduko lituzkeen erakundea indarrean jarri.

Gaur egun sinesgaitz samarra bada ere, orain ehun urteko Euskal Herrian ez zen Aberri Egunik, ez autonomiarik, ez Eusko Jaurlaritzarik, unibertsitaterik, Euskaltzaindirik, euskal eskola publikorik edo euskarazko egunkaririk. Zenbaitek pentsa lezake prehistoriaz ari garela hitzegiten baina ez, Eusko Ikaskuntza sortu orduko nire aita zenak hamar urte zituen.

Mugimendu hura ez zen bat-batean hutsetik sortu. Ordurako nolabaiteko euskal berpizkundea suspertzen hasia zen XX. mendearen hasieran. Gogoan izan, esaterako, lehen ikastola Donostian ireki zela 1914an; Eusko Alderdi Jeltzaleak 1916an parte zuela Lausanan (Suitza), Europako Nazionalitateen Biltzarrean; eta euskal diputatuek eta senatariek ontzat jo zutela, Parisen, Wilson presidente iparamerikarrak Lehen Mundu Gerra ostean proposatu zuen europar herrialdeen autodeterminazio-eskubidea.

Giro hartan jaio zen Eusko Ikaskuntza, eta, esan bezala, euskal akademiarik ezean sortarazi zuen Euskaltzaindia; eta euskal gobernurik eta unibertsitaterik faltan eratu zuen hainbat kongresu eta biltzar, udal-administrazioaz, hezkuntzaz, ekonomiaz, historiaz, nekazaritzaz, arrantzuaz, lanbide-heziketaz, arteaz, medikuntzaz eta zientziaz.

Dena egiteke zegoen, Eusko Ikaskuntzak denetik egin zuen eta, urteak joan eta urteak etorri, Euskal Herriak ez dio sekula, dion zorrik, behar beste ordainduko.

Beste kontu bat da, ordea, zer egin ehun urte geroago. Alegia, zein izan ote daitekeen Eusko Ikaskuntzaren zeregina, orain, berebiziko autonomia politikoaz gainera, gobernurik, unibertsitaterik, akademiarik eta bestelako erakunderik duen Euskal Herrian.

Ez diot nik, zereginik ez duenik, bere lekua aurkitzea nabarmen gaitzago zaiola baizik. Eta hau da, behar bada, lehen mendeurren honetan, Eusko Ikaskuntzaren erronkarik handienetakoa: bere lan-eremu aproposa aurkitzea.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: