Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskaraz, hamarretik bederatzitan, “bat” soberan dago

Euskaraz, hamarretik bederatzitan, “bat” soberan dago

Amatiño 2021/12/26 11:35
Nik ez dakit askorik gramatikaz baina, nago, zenbatzeko orduan (bat, bi, hiru…) izan ezik-edo, ganorabako "bat" hori soberan dagoela euskaraz, lar dela sarritan, gaztelaniari zein frantsesari merke-zurrean erositako morrontza besterik ez dela.

Eguberri-girotan jaso ditudan zorion-txartelen artean bada bat Miren Amurizaren bertsoa dakarrena:

Negu bat biolinez eta edur maldaz, udabarri bat kopla zaharren bulkadaz,

uda nobelatu bat kresal-lurrunagaz, udagoien hauskor bat hostodun lautadaz;

tori urte bete hitz, urtebete euskaraz.

Bertso txukuna, beinke, baina beste honela jarriko bagenu, traketsagoa ote?

Negua biolinez eta edur maldaz, udabarria kopla zaharren bulkadaz,

uda nobelatua kresal-lurrunagaz, udagoien hauskorra hostodun lautadaz;

tori urte bete hitz, urtebete euskaraz.

Nik ez diot gero Miren Amurizari bertsotan irakatsiko baina bai,  behar bada, horren sarri errepikatzen duen bat zenbatzaile arrunt hori ez dela premiazko erakutsiko. Areago, ez al dago soberan? Lartxo ez ote? Bat hori kenduta, ez al da bertsoa arinago, lirikoago, olertitsuago… euskal senez egokiago?

Aldi berean, abenduan zehar entzun eta ikusi ahal izan dugu, han-hemenka, EiTBren maratoia tarteko, alzheimerraren gaineko leloa: “Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da”. Alegia, “El alzhéimer es una enfermedad del corazón”. Gaztelaniaz horrela beharko du izan, segurutik, baina euskaraz ez ote litzateke jatorrago izango: “Alzheimerra bihotzeko gaixotasuna da”, eta kitto?

Gabonetako kultura-arloko gonbiten artean, berriz, beste hau ere jaso dut postaz, aldarri feminista eta guzti: “Emakume batek dirua eta gela propio bat izan behar ditu fikzioa idatzi nahi badu”. Alegia, gaztelaniaz: Una mujer debe tener dinero y una habitación propia si desea escribir ficción.“ (1)

Bapo, kalko horren arabera, ingelesez izan beharko luke: "One woman must have money and one room of her own if she wants to write fiction." Baina Virginia Woolfek, ordea, ez zuen horrela esan, beste honela baizik: "A woman must have money and a room of her own if she wants to write fiction." Non da arazoa?

Kontua da, gaztelaniak eta frantsesak ez dituztela bereizten ingelesezko a (artikulu mugagabea) eta one (zenbaki edo zenbatzaile arrunta), eta, euskaraz, ingelesaren zentzutik jo beharrean, auzoko hizkuntza nagusien eredua errepikatzeko joera dugula. 

Nik ez dakit askorik gramatikaz baina, nago, zenbatzeko orduan (bat, bi, hiru…)  izan ezik-edo,  ganorabako bat hori  ez dela beharrezko, okerrekoa dela,  gaztelaniari nahiz frantsesari --eta,  oro har, latin hizkuntzei (2)--  merke-zurrean erositako morrontza baino ez dela.

Izan ere, ezinbesteko galdera zera dateke: gure auzo-hizkuntza ingelesa balitz, zelan esango ote genuke?  Virginia Woolfek ez al zuen, zehatz, honelako zerbait esan gura izan?: "Emakumeak dirua eta gela propioa behar ditu izan fikzioa idatzi nahi badu”.

 ---ooOoo---

1) Eta frantsesez beste horrenbeste, nonbait: "Une femme doit avoir de l'argent et un lieu à elle si elle veut écrire de la fiction". 

2) Funtsean berdin, katalanez: "Una dona ha de tenir diners i una habitació pròpia si vol escriure ficció"; portugaleraz:"Uma mulher deve ter dinheiro e um quarto próprio se quiser escrever ficção", edo italieraz: "Una donna deve avere soldi e una stanza tutta per sé se vuole scrivere fiction".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: