Euskararen penak kontatzen geratu gabe
Paulo Agirrebaltzategik bildu ditu 1957tik 1977ra bitarteko hamarkada bietan Txillardegik Jakin aldizkarian argitara emandako idazlanak. Baita hiru epealditan laburbildu ere: Irakurle eta itzal ezkutukoa (1956-1961); Idazle eta euskarri urrunekoa (1964-1969) eta Liburugile eta edizio-aholkularia (1970-1976) izan zenekoa. Bilduma adierazgarria, Txillardegiren hainbat erabaki, jarrera eta emaitza ezagutzeko ez eze, Jakin aldizkariaren esku hartzeaz jabetzeko ere.
Aldi berean aipagarria bezain esanguratsua gero Jakin taldeak berak eskainitako editoriala (Txillardegi, euskararen estrategia): “Oso argi zeukan helburu estrategikoa: euskara bizia, euskararen bizia salbatzeko. Geroago formulazio politikoagoa emango zion, Euskal Herriaren biziari lotuz euskararen bizia: Euskerak egin du Euskal Herria; euskerak ez bestek. Euskerak bizi du Euskal Herria. Euskerak mugatzen du. Eta Euskal Herria badadi, euskerak pituko du” (1972).
Hain zuzen ere, Jakinen zuzendaritzak azpimarratzen duenez: “Estrategia horri begira eskatu zuen (Txillardegik) euskaldunon erantzukizuna, ikuspegi praktikoz lanean gogor ekin beharra aldarrikatuz, atzera begira euskararen penak kontatzen geratu gabe eta aurrera begira ametsetan eta ‘proiektu-minetan’ galdu gabe; begien aurrean beti Axularren goiburu hura: Akabantzari dagoka koroa, ta ez hasteari: hots, hasi eta-baña daukaguna bukatu ta ondu behar dugu; izan ere, gauzatu arte, proiektuak eta asmoak ez dira ezer”
Paulo Agirrebaltzategi eta Jose Ignazio Alberdi, Gerediaga Elkartearen lehendakaria, Astolan, 1973an. Urte hartako Gerediaga Saria irabazi zuen Joxe Azurmendiren "Kultura proletarioaz" saiakerak eta Agirrebaltzategi jaso zuen agiria Azurmendiren izenean, ez baitziren (eta ia berrogei urte geroago darraite izaten) alferrik biak Jakinen zuzendaritzakoak.