Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia

Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia

Amatiño 2021/12/19 23:30
Nazioarteko Euskaralarien Topaketak eratu ziren, Gernikan, 1980ko abuztuan. Haien aztarrenez ezer gutxi aurki daitekeen arren egungo gizarte-sareetan, horra non, ustekabean, orduko argazki anonimoak dirauen erdi ezkutuan, nahiz, berrogei urte geroago, oraingo belaunaldiarentzat harako aurpegiak arrunt ezezagunak gertatu.
Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero:  nahia

Suzuku Tamura 1984an

Euskaltzaindiak eratu topaketa haiek “Bai Euskarari” kanpainiaren baitan burutu ziren eta Austria, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Japonia, Polonia, Sobietar Batasuna, Suedia eta U.S.A.ko adituak bildu zituen, euskararekiko ikerketak zertan ziren elkarrekin aztertu ahal izateko.

Koldo Mitxelenak une hartan aditzera eman zuenez, “agian zenbaitek galde dezake zer dela-eta orain ikerketa teorikoei ekin, oinarrizko hainbat gai praktiko zehazteke dugun honetan, baina teoriak praktikan duen eraginaz jabetzeaz gainera, beti ere garrantzitsua da nazioarteko euskaralariak gurean biltzea, elkar ezagutzeko, elkarren arteko harremanak finkatzeko eta, aldi berean, euskara zertan den bertatik bertara jakin ere jakin dezaten”.

Koldo Mitxelenaren ustez, aspaldidanik zor zitzaien nolabaiteko aitortza edo esker ona Wilhelm von Humboldt jakitun prusiarraren hildotik euskararen nondik norakoaz arduratu izan diren hizkuntzalari europar guztiei, beraien ekarriak nekez erakar ziezaiolakoan euskarari mesede besterik.

Hala ere, Suzuko  Ainhoa* Tamura japoniarrak topaketa haietan esan zuenez, “ikerketak beharrezko dira, baita erabaki politikoak ere, baina, baldintza guztien gainetik, euskarak aurrera egingo badu, ahaleginik egiazkoena eta zintzoena zera da: NAHIA".

Nahia... bai duela 40 urte eta, zalantzarik ez gero, baita 40 urte barru ere.

Euskaralariak, Gernika 1980

GERNIKA, 1980: Ezkerretik eskuinera, zutik, bistan belarria besterik ez duela, Jose Maria Satrustegi. Atzekaldean, Koldo Mitxelena. Aldamenekoa, Julita Berrojalbiz. Ondoren, errenkadan, Odon Apraiz, Jon Bilbao, Mikel Atxaga, andere nahiz neska ezezagunak eta, barrenean, Joxemari Aranalde.

Belauniko, ezkerreko bizarduna, Juanjo Zearreta. Ondorengo laukotea: Pedro Sancristoval, Henrike Knörr, Karmele Rotaetxe eta Jose Antonio Mujika (bizi den bakarra). 

---oo0oo---

* Euskaltzaleen artean aski ezaguna denez, Tamura hizkuntzalari japoniarrak  Ainhoa izena erantsi nahi izan zion jaiotzetikako Suzuku deiturari, euskal atxikimenduaren adierazgarri. Ez da horren ezaguna, ordea, Suzuku Tamura, jatorriz, ainua  zela, "ainu" askazikoa. Ainua, Ainhoa... Segurutik, aukeran, kausalitate gehiago, kasualitate baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: