Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskarak ez du turuta joko dionik

Euskarak ez du turuta joko dionik

Amatiño 2012/09/05 14:00
Euskaldunik arruntenak ere badaki ez dena euskaraz R-ez hasten den hitzik. Baina nik behintzat ez nekien euskara zaharrean nekez aurki zitekeenik T-ez hasten zenik. Beti ikasten omen da zerbait.

“… y además se ha observado con razón que no hay nombres de lugar que empiecen por T- en Navarra (B. Pottier, en Actas de la 1ª Reunión de Toponimia Pirenaica en Jaca), así que probablemente el protovasco debía de carecer de palabras con esta inicial –en efecto llama la atención la cantidad muy preponderante de extranjerismos en la letra T de Azkue— (Joan Corominas. Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico, 1983).

Nabarmen da, bai, zein urri diren T-z hasten diren euskal herriak  (Iparraldean* ez dago bat bera ere) eta dauden bakarrenetakoen izenak (Tutera, Tafalla, Tolosa, Trapaga…) ez dira, antza, euskal sustraidunak.

Beste horrenbeste gertatzen da pertsonen izenen (Telmo, Toda…) zein abizenen (Tellagorri, Torretxea, Torrontegi, Treku…) gainean,  bai eta, oro har, hitz arrunten inguruan ere, edozein hiztegitan gaingiroki begiratu besterik ez dagoenez gero.

Izan ere, Corominasek Azkueren hiztegia badu ere gogotan, ezin adierazgarriagoa dateke Etxepareren Hiztegia (Patxi Altuna, 1979), non “Kanpaxa” azpeitiarrak Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) idazlaneko hitz guzti-guztiak biltzen dituen eta, besteak beste, datu esanguratsu bi agertarazten:

1. Etxeparek T-ez hasten diren hamabi hitz baino ez zituen erabili euskaraz argitaratu zen lehen liburu osoa idazteko.

2. Eta hamabi hitzok (tema, tenpestate, tentatu, testimonio, theologo, thesorera, thornu, trabailu, traidore, tribulatu, triste eta tronpeta) arrotzak dira jatorriz.

*Iparraldean T-ez hasten den hiri bakarra Tardets da baina, jakina denez, Atharratze zaio euskaraz. Antzerako zerbait, Bizkaian, Turtzioz izenaz, euskal jatorria Iturriotz da-eta, antza.

asier
asier dio:
2012/09/06 09:16
Eta oindiokan atzerago jota, aitzin euskeran ez ei zeguan, ez m-rik, ez p-rik. Horixe diñue, behintzat, Mitxelenak, Lakarrak eta abarrek.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: