Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskara kilikorraren bila

Euskara kilikorraren bila

Amatiño 2018/12/25 09:00
Kepa Altonaga ez da konformatzen kritika egin eta zenbait hausnarketa teoriko azaltzearekin. Egungo euskal prosaren eredua astuntzat eta gogaikarrizat jotzeaz gainera, hainbat molde berri “antikulturaltzat” salatu ez ezik, bere proposamen praktikoa erakusten ausartzen da: euskara kilikorra.
Euskara kilikorraren bila

Liburu-azala

Seguru-segurutik Kepa Altonagak ez du bere azken entsegua –“Duvoisin kapitainaren malura. Bonaparte printzearen itzalean” - Upaingoa saila, 2018) beren-beregin idatzi eta argitara eman, euskal prosa “praktikableagoren” baten formula eskaintzeko; baina, kazetaritzaren piramide tipikoaren arabera, niri behintzat horixe iruditzen zait arlorik garrantzitsuen eta azpimarrgarrien --titulagarrien alegia-- bere saiakeran, zeinetan egileak atzekoz aurrera honako tesi-sorta hau baitarabil:

1. Altonaga “euskara kilikorra” proposatzen ausartu da, baina ez hainbat arau teoriko zerrendatzen, baizik-eta idazten 120 orrialdeko liburua, zeinak, besteak beste, bere eredua erakutsi nahi duen. Zehatz dio, erakutsi, ez irakatsi.

2. Ez baita alferrik porrot kolektiboa bilakatu orain berrogeita hamar urte burututako euskara, edo bilakatzetik hurbil egon, zenbait joera antikultural indartzeko arriskua tarteko.

3. Zer gerta ere, nolabaiteko euskara kilikorra beharrezkoa da, zeren egun indarrean dagoen euskal prosa da-eta astuna, kantsagarria zein “inpraktikablea”. Zer idatzi eta norentzat idatzi ez ezik, zeharo garrantzitsu-eta da zelan idatzi.

4. Izan ere, ez da egia euskara batuari ekin aurretik euskal prosa dialekto batez edo bestez idatzi izan zenik. Areago, euskara idatzia betidanik izan da supradialektala.

5. Hartara, Luis Luziano Bonaparte printzearen ekarpena ez zen izan uste bezain onbera eta probidentziala, haren helburua ez baitzen izan euskararen proiekzio kulturala, baizik-eta euskalkien aniztasuna fixatzea eta fosiltzea. “Explizituki diosku euskara ez litzatekeela atera behar filologo eta hizkuntzalarien alorretik, linguistikoa baita haren merezimendu nagusia” eta “ez du inolaz ere konzebitzen euskararen subordinazio kulturala gainditzea”.

6. Azken mende eta erdi honetan uste izan dugu Duvoisin itzultzaile izan zela, Biblia euskaratu zuelako, baina Duvoisin kapitaina, batik bat, literato frustratua izan zen. Duvoisinek lapurteraz gorako beste hizkuntza bat nahi izan zuen, baina Bonapartek ez zion utzi lapurteraren kaiolatik irteten. Horra liburuaren titulua: “Duvoisin kapitainaren malura". Malurusa, gero, zer-eta, biblia itzultzen hasi eta, euskara guztia ere nahiko murritza ez zelakoan, euskalki bakar batera mugatu beharra. 

Amai dezagun hasieratik beretik. Kepa Altonagak elez ele dioskunez: “Proiekzio kulturalik gura badugu, derrigorrezkoa dugu, Duvoisin kapitainak legez, euskara aberastu bat, etorki anitzetako ekaiez osotua, euskara batuaren orubean eraikia”.

Hitz bitan laburbilduz, kilikorra ote Altonagaren euskara? Aurrenik irakurri eta gero, esan. 

Sosola
Sosola dio:
2018/12/25 21:13
Neri bai. Neri kili-kili egiten dit Keparen idazkerak. Baina basamortuan predikuan dabilenaren traza hartzen diot nahiz eta egia handiak bota.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: