Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskara eta teknologia

Euskara eta teknologia

Amatiño 2012/10/26 21:05
Patxi Lopez jarduneko lehendakariak "Gernikako Arbolaren Gurutzea" eman ziola-eta, Jose Antonio Ardantza lehendakari ohiak gogorarazi zituen, atzo, duela hiru hamarkada Euskadik bizi izan zuen egoera latza eta krisialditik ateratzeko behar izan ziren adorea eta kemena. Merezi du aldi hartako hainbat zertzelada gogorarazteak, bai oraingoa baino garai eskasagorik bizi izan dugula konturatzeko eta bai oraingo zulo honetatik irtetzeko modu aproposik asmatzeko ere.
Euskara  eta teknologia

Lopez eta Ardantza, atzo

Euskal Autonomia Erkidegoaren I+G ezarpena BPGren %2,08 da egun (2010), Espainiarena %1,39 den artean (Alemaniarena, %2,82). 1977an, EAErena %0,067 zen eta Espainiarena %0,3. Hau da, 35 urteotan, EAEren I+G gastua hogeita hamar bider gehitu da eta Espainiarena bost aldiz baino ez. Eta hau ez da kalera ateratzen egin, lanean baizik.

Orain 35 urte ez zegoen euskal lurraldeetan espainiar ikerkuntza-zentru bakar bat ere. Gaur egun, ostera, hogeita hamarretik gora dira EAEn diharduten I+G zentruak; eta espainiar estatu osoan zehar kontratupean egin ohi den ikerkuntza guztiaren erdia euskal teknologia-zentruetan egiten da. Eta hau ez da ustekabean lortu, jakineko egitasmo politikoaz baino.

Honetan guztian zer esan askorik izan zuten 1985-1999 bitarteko Jose Antonio Ardantzaren lehendakaritzak, aurretik Carlos Garaikoetxeak (1980-1985) ekindako erakundetzeak eta, lehentxoagotik (1979), Xabier Arzalluz burukideak indarrean jarritako  “euskera eta teknologia” goiburuak, Iñigo Urkullu bezalako nerabeei behin eta berriz errepikatu izaten zien leloak.

Hiru hamarkada geroago Herri honek beste astindu bat behar du, beste ekinaldi bat, beste susperraldi bat. Eta hau ez da protestaka lortuko, ideia berriak eta aterabide aproposak asmatzen baizik. Segurutik 1980ko hamarkadan 40-50 urte bete zituen belaunaldiak ez zuen gero dena ondo egingo. Hamarkada honetan 40-50 urte beteko dituztenen txanda eta aukera da orain. Gutxienez beste hainbeste egiten jakingo al dute! Ez, mesedez, ezin denik esan.

Batek daki baina, behar bada, “euskara eta teknologia” lelo arzalluztarrak balio lezake oraingoan ere. Biak, jakina; aldi berean, noski. Ze, nire inguruan behintzat askotxo ezagutzen baititut euskara arloan sutsuak direnak eta, edozein aitzakiaz, teknologiari muzin egiten diotenak. Edota, alderantziz, teknologia jainkotu eta euskara dagoenik ere ez dakitenak.

Euskara eta teknologia, tradizioa eta berrikuntza, herriak eta erakundeak, letrak eta zientziak, kultura eta industria, hezkuntza eta trebakuntza... Kulturarik gabeko aberastasunak ez gaitu, ez, salbatuko. Baina aberastasunik gabeko kulturak ez du bururik altxatuko.

Hain zaila ote litzateke ezker-eskuinez --txokora eta zabalera-- jokatzen ahalegintzea? Esku bakarraz diharduen pilotariak, nahiz artista samarra izan, ez du txapeldun izateko balio.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: