Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskaltzainburu izan zen ingeniari-ingeniaria

Euskaltzainburu izan zen ingeniari-ingeniaria

Amatiño 2021/03/21 11:40
“Ingeniari bikaina, teknikari azkarra eta intelektual aparta izateaz gain, euskaltzale eta integrista nabarmena ere izan zen”. Honelakoa izan omen zen Ignacio M. Echaide, industria-ingeniari donostiarra, Jon Etxaide idazlearen aita. Besteak beste, gizon serioa, zorrotza, zurruna, zuzena eta, diotenez, ona.

SufijacionesWifia, emaila edo interneta betidanik egon izan ez diren bezalaxe, telefono automatikoa ere uste baino berriagoa da. Nik zazpi-zortzi urte nituela, Eibarko telefono-zenbakiek bi zifra baino ez zituzten (nire aitaren lantegikoa 19a zen) eta inorekin hitzegiteko herriko  “telefonistiari” deitu behar izaten zitzaion deitzailea eta dei-hartzailea elkarrekin konektatzeko. Horrela izan zen ia Gipuzkoa osoan 1953 arte, nahiz Donostiak (espainiar hiribururik aitzindarienetakoa) hogeitaka urte lehenago (1925) lortu automatizazioa. Europako teknologiarik aurreratuenetakoa garatu zuena izan zen Ignacio M. Echaide ingeniaria.

Conjugaciones

Ignacio M. Echaide Lizasoain donostiarra, tarteka-marteka sortzen diren ezohiko horietakoa izan zen. Luze, luzeegi, joango litzaiguke haren curriculuma biltzen baina, adibide eta adierazgarri gisa baino ez, hona hiruzpalau lagin: Gipuzkoako Telefono Sarearen zuzendari, Eibarko Alfa kooperatibaren kontseilari, “Legión Católica Española" zeritzonaren sortzaileetakoa eta Euskaltzaindiaren lehendakari. Dozenari batere zorrik ez dion hamahirugarrena zen Echaide.

Mutiko bizia gero, bizirik bazen. Donostian jaioa 1884 urtean, 22rekin amaitu zuen Bilbon Industria Ingeniaritza; 23rekin, euskara ikasi; 25ekin, Gipuzkoako Diputazioaren telefono-sarearen zuzendari; 26rekin, Gazteria Integristaren lehendakari; 27rekin idatzi zuen “Prefijación y composición del idioma euskaro”, etab. etab. Lan egiteko makina burutsu eta kementsua. Euskarari aurre egin zion hizkuntza ingeniaritzaren sail bat gehiago balitz bezala.

Hogeita hamarren bat liburu idatzi zituen teknologiaz, antolakuntzaz zein metodologiaz, eta, erdiak inguru, telefoniaz. Hauetariko bat, euskaraz, “Telefonoaren sortze eta aurrerapena” (1929), seguraski sekula telefonoaz euskaraz idatzi den lehen liburua eta, tamalez, bakarrenetakoa. Horrez gainera, beste bosten bat–edo, gaztelaniaz, euskararen jatorriaz, euskal aditzaz, joskeraz, morfologiaz eta abarrez.  Azken hauetako bizpahiru tituluk diraute gure ama zenaren liburuen artean. 

Jon Etxaide idazlearen aita, beronen erreferentzia kualitatiboa dakar semearen biografiak: “Ingeniari bikaina, teknikari azkarra eta intelektual aparta izateaz gain, euskaltzale eta integrista nabarmena ere izan zen”.

Besteak beste, gizon serioa, zorrotza, zurruna, zuzena eta, diotenez, ona.

Echaide telefonoa
Telefonoaren sortze eta aurrerapena (Donostia, 1929)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: