Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskaldunok gara problema Euskal Herrian

Euskaldunok gara problema Euskal Herrian

Amatiño 2015/04/11 18:50
Jose Migel Barandiaranek esan zuenez, izenik duen oro izan bada. Eta alderantziz galdetuko bagenu… izenik ez duenik ba al da? Euskal Herrian bai, behintzat, euskaraz ez dakien “euskalduna” identifikatzeko terminorik gabe jarraitzen dugu-eta, gehienak izan arren. Ibai Iztuetak ironia handiz dioenez, problemek izenak dauzkate; izenik gabe, ez dago problemarik.

Ibai Iztuetari jaramonik egingo badiogu (Cultura vasca vs Euskal kultura. Utriusque Vasconiae, 2015), euskal kulturari buruzko diskurtso bi daude, oro har, Euskal Herrian: Txillardegirena eta Ramon Zallorena. Donostiarraren ustez, “euskal identitatea euskaran datza”. Gernikarraren iritziz, aldiz, “euskal identitatea Euskal Herrikoa izatean datza”.

Aurrenak “hizkuntzak garrantzi absolutoa duela arrazoitzen duen bitartean”, bigarrenak “euskal kultura euskara baino zerbait gehiago dela dio”. Txillardegik “Euskal Herria euskalduna izango dela ala bestela ez dela izango” adierazten duen artean, Zalloren esanetan “Euskal Herria hizkuntza traszenditzen duen zerbait da”.

Ibai Iztueta Azurmendi irakasleak (doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Kognitibo eta Giza Zientzien adarrean) saiakera landua burutu du, besteak beste bi aurrekari edo abiapuntu arrazoitzeko: “lehenik, euskal kukturaren eta hizkuntzaren arteko harremanari buruzko galdera planteatzea bera Euskal Herriko estatu espainiarrarekiko nahiz frantsesarekiko daukan subordinazio harremanak baldintzatzen duela, eta, bigarrenik, <...> galderari baietz ala ezetz erantzuteak euskararen normalizazioan ondorio zuzena duela”.

Arazoa da, ordea, egileak berak gogorarazten duenez, Txillardegiren diskurtsoaren hutsunerik aipagarriena litzatekeela “euskaraz ez dakiten ‘euskaldunen’ kopurua euskaraz dakitenena baino handiagoa dela eta hauek nolabait ere bazterturik sentiaraz ditzakeela”. Eta, zentzu berean edo, “Zalloren diskurtsoaren bertutea bere borondate integratzailea” dela, nahiz “sendabelar izan litekeen diskurtso integratzaile hau bera pozoi bihur liteke baldin eta ‘euskaldunen’ artean interpretatzen bada espainolaren edota frantsesaren erabilera normalitzatzeko mezu gisa”.

Garbi dago, aukeran, inork arrazoirik izatekotan, Txillardegirena, funtsean, puruagoa dela oinarri-oinarrizko teorien arabera. Baina Zallorena, berriz, nahiz kutsatu samarra izan, hobeto egokitzen zaiela praktikan Euskal Herriko herritarrik gehienei. Eta errealitateak, gustatu ala ez, soluzio txarra du.

Are txarrago, marra gorria, euskaraz dakitenen eta ez dakitenen artean jarri ordez, “bere buruarekin euskaraz hitzegiten dutenen eta bere buruarekin euskaraz hitzegiten ez dutenen artean” jarriko bagenu, Fermin Etxegoienek orain hurrengo proposatu duenez.

Dena den, Ibai Iztueta inor gutxi bezala ahalegindu da euskal gizartean horren finkatuak dauden klitxe kontrajarrien artean nolabaiteko ñabardurak ezartzen, haize kritiko apur bat ekartzen eta, ahal den neurrian, zubigintzak proposatzen. Sekulako lana burutu du eta auskalo zer ote garrantzitsuagoa: bildu duen materiala ala arrazoitzeko (eta errazteko) egindako ahalegina, beti ere, zati bakoitzaren amaieran, bere azken gogoetak eta ondorioak laburbilduz.

jaime
jaime dio:
2015/04/13 14:54
Nire uste apalaz, auziak argi xamarra dela ematen du, euskaldun (euskaradun) izateko euskaraz jakin behar. Euskaraz ez dakiena, hogeita hamabi euskal abizenak eduki arren, ez da inoiz euskaldun bat izango, vasco edo basko bat baizik.
Gogoan dut, 80. eta 90. hamarkaden artean, gutxi gorabehera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean ingeles euskaldun batek lan egiten zuen euskararen arloan. Sarritan hitz egiten nuen berarekin eta, zin-zinez, askoz hurbilago sentitzen nuen Ingalaterrako seme ilehori hura nire lagun taldeko basko erdaldunak baino.
koldo
koldo dio:
2015/04/14 13:12
Diskurtsoen atzeko aldean dauden "kausalitateak":
Txillardegi euskaldun-euskaraduna zen.
Zallok ez daki euskaraz eta, ondorioz, haren diskurtsoa euskararik gabeko euskalduntasuna defendatzera joan izan da betidanik.
NOla zen atsotitza?
"Zer jan, huraxe izan"
Amatiño
Amatiño dio:
2015/04/14 17:06
Bi ñabardura:

1. Saiakerak ia 400 orrialde ditu. Nik 30 lerroko laburpen guztiz partzial bat egin dut blog honetarako. Liburuak merezi du.

2. Nik betidanik uste izan dut nabarmen hurbilagoak eta ingurukoagoak ditudala Iparraldeko euskaldunak, andaluziarrak (esaterako) baino.

   Baina aldi berean aitortu behar dut, euskaraz ez dakiten Hegoaldeko hiritar asko eta asko, Iparraldeko edozenbat euskaldun peto-peto baino hurbilagoak eta ingurukoagoak ditudala. Egia da euskaraz ez dakiten Hegoaldeko hiritarrek ez dakitela euskaraz baina... nik bai, ordea, gaztelaniaz.
koldo
koldo dio:
2015/04/14 17:57
Ez dakit ondo ulertu dudan kontua.
Jendea hurbileko/urruneko sentitzea ote dugu arazoa?
Nik adiskide frantziar bat daukat, oso-oso hurbilekoa eta maitatua.
Baina ez berak nahi du euskaldun izan/agertu, ez nik euskalduntzat daukat, ez baitaki, jakin, euskaraz. Frantziarra da, nahiz eta luze izan ohi dugun etxean.
Eta beste hainbatek ez bezala, ondo ikasi du bereizten euskara duena dela euskalduna. Eta ateraldi politen bat ere izan du lagunen artean euskaradun ez den batek "gabatxo" deitu izan dionetan, "euskatxo" erantzunez.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: