Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskaldunak Erromatarren Legioetan gudari

Euskaldunak Erromatarren Legioetan gudari

Amatiño 2023/05/13 23:55
Antzinako Egipton hasi eta Ukrainan ari den Wagner Talderaino, azken 3.500 urteotan ez da sekula falta izan munduan mertzenariorik, talde paramilitarrik edo boterearen segurtasunaren alde armetan jarriarazitako esklaburik, presorik edo nola-halako morroirik.

ldo beretik egungo nafar, giputz, arabar eta bizkaitarren arbasoek ere, Legio Erromatarren kohorte laguntzaileen artean parte hartu zuten. Derrigorrez, lehenik; diru-truk, gero; eta, azkenik, erromatar hiritartu ostean, eguneroko lanbidez.

 Antonio García y Bellido arkeologoak (1) estreinako laburbildu zuen gai hau Los ´vascos´ en el ejército romano, 1968an. Lizarran emandako hitzaldian (2). Hurrengo urtean “Principe de Viana”  erakunde nafarraren “Fontes” (3) aldizkarian eta, mende erdi geroago, interneten aurki daiteke oso-osorik digitalduta.

Garcia y Bellido bere garaiko arkeologorik handienetakoa izan zen. Berrogeita hamarren bat arkeologia-azterketa zuzendu zituen, hainbat indusketa ikertu, Estrabonen (antzinako grezieraz) zein Plinio Zaharraren (latinez) testu historikoak gaztelaniaz itzuli eta Kantabriako gerrak sakonki arakatu. Eta, pasadizoan, hainbat agiri militar eta hilobitan Erromako legioetan euskal presentzia frogatzen dituzten datuak bildu:

Vasconum lectae a Galba cohortes. 69 urtean, Ring eta Mosa ibaien inguruan, Holandan.

Cohors II Vasconum equitata civium Romanorum. 105 urtean Brittannian eta 109an Mauritanian.

Cohors II Vasconum civium Romanorum. Buda-Pest inguruan, 122 urtean.

Cohors II Hispanorum Vasconum civium Romanorum. 156-57 urteetan, Afrikako Volubilis eta Valentia Basanan.

Cohors I Hispanorum Vasconum civium Romanorum. Volubisen ere, 160 urtean.

Cohors II Vasconum equitata. Britainniako Prefectuaren hilobian.

Cohors Carietum eta Veniaesum delakoak bere nagusiaren (Gaius Meffius) omenez Brescian jarritako hilobian.

Cohors I Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria (4). Britainniako zazpi diploma militarretan eta 17 hilobitan aipatua. Datu guztien arabera, kohorte honek bizpahiru mendetan zehar iraun zuen indarrean, Edinburgoren hegoaldean, Eskoziako mugetan.

Cohors II Nerviorum eta Gallaecorum. Nerviitarrak germaniarrak omen ziren jatorriz, baina beraiek ziren nonbait Nervión ibaiari izena eman ziotenak eta handik mundura zabaldu zirenak.

Vasconum, egungo Nafarroaldeko euskaldunak lirateke. Vardullorum, Varduliakoak, Deba ibairainoko gipuzkoarrak. Carietum, geroztikako karistioak eta Deba Arroko zein Durangaldeko biztanleak, Araban sartu aurretiko lautadarainokoak. Veniaesum, veliendarrak, Iruña-Veleiakoak. arabarrak, alegia. Autrigoiak, azkenik, Kantabria eta Burgos ingurukoak. Estrabonek "allotriges" gisa aipatzen zituen. García y Bellidoren zerrendetan ez da ezelango autrigoi-kohorterik azaltzen, baina bai, ordea, Flavus zeritzan soldadua, Virovescan (Briviesca) jaioa.

García y Bellidok dioenez, erromatarren irizpidez beti ere komenigarri izaten omen zen han-hemenka bildutako soldaduak euren jatorriaren arabera taldeka batzea, elkar hobeto uler zezaten eta aginduak ere hizkuntza bateratsuan-edo eman ahal izateko. Baina, aldi berean, beti sorterritik at, urrutiko fronteetara apropos kanporatuak, euren herrikideen alde jartzeko sekula abagunerik edo tentalidirik izan ez zezaten.

1) García y Bellidok ez du euskarazko sarrerarik wikipedian eta bestelako bost hizkuntzetan ez da Lizarrako hitzaldiaren berririk jasotzen.

2) Semana de Estudios Medievales. Lizarra, 1968. Denak euskalduntzat jotzea ez zen, gero, hutsaren hurrengoko kontua izango garai hartan. 

3) Fontes Lingvae Vasconvm. Stvudia et docvmenta. Hain zuzen ere, 1969ko ale hau da sorta osoaren aurrenengoa. Miguek J. Urmeneta Ajarnaute zenaren hitzaurrea du eta Luis Michelena, Julio Caro Baroja eta A. García y Bellidoren azter-lanak. 

4) "Fida", leiala edo fidagarria. "Civium Romanorum", Erromako hiritarrak. "Equitata", zalditeria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: