Euskaldun muturdun
Umetan Santiago eguna jai handi samarra izaten zen. Oraingo gazteek nekez ulertuko duten arren, mezatara eta guzti joateko eguna. Osaba Gumer ez zen, ordea, sekula joaten eta, gainera, barra-barra kontatu ohi zuen, denek jakin zezaten nahi izaten zuen.
Osaba Gumer –Gumersindo Aranberri-- gizon on hutsa zen, eliztar amorratua eta abertzale sutsua. Berak sortu zuen Margola tindategia, gero, gerra ostean, gure aita zenak –Luis Aranberri-- bere ardurapean hartu zuena. Horretara, “Margola” izena asmatu edo egin zuena, ez zen gure aita izan, osaba Gumer baino.
Nik beti ezagutu izan nuen osaba Gumer “aitxitxatuta”. Bai gure aita baino hamarren bat urte zaharragoa zelako, bai beste hamarren bat urte gazteago ezkondu zelako, Gumerren alabak, nire lehengusinak, gure amaren sasoikoak ziren eta haren bilobak nire adinekoak ziren eta dira.
Hartaz gogoan dut gizon gozoa eta xamurra zela, Zarautzen pertxa-fabrika zuela (tindategian arropak eskegitzeko erosten genizkion zurezko pertxak), fededun zintzoa zela eta Santiago egunean ez zela, apropos, mezatara joaten. Egia esan, ez zen gurean, Santiago egunez, inor elizara joaten, baina osaba Gumerrek lau haizetara aldarri egin ohi zuen, mundu guztiak jakin zezan.
Gaur, Santiago eguna, ez da honezkero mezatara joateko eguna, baina osaba zaharrak ez luke inondik ere ulertuko nola arraio hemen jai den, Valladoliden laneguna den artean.