Euskaldun izatea espainola izatearekin
Ez da erraza izango guztiok bat etortzea baina, nik behintzat, edozein testu onetsiko nuke, baldin estatutu berriak zaharraren besteko adostasunik lortuko balu eta, beste berrogei urtean, irauteko ahalak erakutsiko balitu.
Eskatzea libre baldin bada, nik neuk denei eskatuko nieke gutxieneko erantzukizun eta eskuzabaltasuna; eta Alderdi Popularrari zein ezker abertzaleari, bereziki, nolabaiteko perspektika historikoa. Izan ere, sarri ahazten dugun arren, batzuon eta besteon aurrekoek ez zuten, orduan, ontzat eman, orain “bizi-guztikotzat” jotzen dugun estatutua: Osakidetza, euskal irrati-telebista, Ertzaintza, euskal eskola publikoa, kontzertu ekonomikoa eta beste, tarteko. Urdinek, gehiegi iritzita eta, horiek, gutxiegi zelakoan. Eskerrak, gero, ez geniela orduan jaramonik egin. Ea, aurrera begira, neurria egokitzen, hobeto asmatzen duten.
Hala ere, ia berrogei urte geroago, bada oraindik uste duenik, egungo hiritar modernoa ez dela identitateaz kezkatzen eta, autonomia, praktikan, jateko gauzez, laneko kontuez, sakelako premiez eta gizartearen garapenaz baino ez dela arduratu behar.
Ez da hori, ostera, Joxe Azurmendi pentsalariari iruditzen zaiona. Hain zuzen ere, aurreko astean bertan aurkeztutako saiakeretako batean*, gure filosofoak bere buruari galdetzen dio ea zelan demontre etortzen ote den euskaldun izatea espainola izatearekin, eta Azurmendik berak erantzuten du, hitzez hitz: “Bada –zertarako ibili aitzakia zuri bila— ikaragarri gaizki etortzen da. Egunero, eta aspaldi, ikaragarri gaizki. Hori da arazoa”.
Eta arazoa hori denez gero, ni ausartuko naiz, gaur eta hemen, Joxe Azurmendik ez dioena esaten. Hona, argi eta garbi: ni prest nago, ahalegintzeko gertu, euskaldun eta espainol izate biak elkarrekin ahalik eta ondoen etorri daitezen. Baina ezin dut bide zail hori nire kasa bakarrik egin. Eusko Legebiltzarreko alderdien adostasunak lagundu beharko dit.
Nire iritziz, oker daude, errealitatez kanpo, hainbat menderen bueltan ni euskaldun hutsa izan naitekeela uste dutenak. Baina, aldi berean, izugarri oker daude uste dutenak, ni, lehen eta behingoz, espainola baino ez naizela, gero gerokoak, eta kitto.
Nik sumatzen dut, nire inguruko herritarrik gehien-gehienek eguneroko errealitate konplexu hau bizi dutela. Eta, gu guztiok ordezkatzen gaituzten alderdi politikoek konplexutasun hau kudeatzen asmatzen ez badute, euren artean irtenbideak adosteko gauza ez badira… zertarako behar ditugu?
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria
* Espainola izateaz. Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk. Elkar, 2018