Euskal soldatak ez dira altuak, garestiak baizik
Lehiakortasuna. Hona merkatura atera nahi duen edozein enpresak bete beharreko oinarri-oinarrizko baldintza. Lan-kostuek zer ikusirik dute lehiakortasunari eutsi ahal izateko orduan.
Gurean batez beste indarrean dugun soldata-maila kontuan hartuta, euskal ekoizpenak ez dira munduan salduko merkeenak direlako, onenak izan daitezkeelako baino. Edo, beste hainbat lekutakoak baino garestiagoak izan arren, hobeak direlako. Euskal produktu askoren arazoa da, ordea, onenak ez izateaz gainera, kalitate berekoak baino garestiagoak direla. Eta irtenbideak hiru dira: prezio berean hobeak egin; kalitate berean merkeagoak eskaini; edo itxi.
Euskal industriak ezin du kostutan lehiatu. Beti egongo da gu baino merkeagorik munduan. Euskal enpresak, merkatuan barrena lehiakatuko bada, ezin izango ditu beste edozein lekutan egiten diren produktu berberak garestiago egin. Eta merkeenak ezin izango dituenez fabrikatu, diferenteak egin beharko ditu. Produktu ezberdinak, balio erantsi handiagokoak, zerbitzu onekoak eta, beti ere, merkatuaren eskabidea gogoan izanda.
Horretarako berrikuntza garatu behar da, lana estimatu, apalagoa izan eta bezeroa zaindu. Eta bezeroa zaintzea ez da soilik komertzialen zeregina, enpresa osoarena baino.