Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal musika, arima zehatz bila

Euskal musika, arima zehatz bila

Amatiño 2024/09/27 10:00
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (1) badu adiskide berririk: Iñigo Alberdi Amasorrain, egun Bilboko Koralaren zuzendaria eta aurretik beste hainbat musika-erakunderena (2). Sarrera, Bergarako Errege Seminarioan egin du, “Kantuz sortu gara” lelopean, ‘zalduntxorik’ zaldunenari legokiokeen bezala.

Musikaz baino, musika-erakundeen kudeaketaz aritu da Iñigo Alberdi, hainbat gogoeta eginez Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako musika-sektoreaz (3), kudeaketaren oinarriez eta azken 40 urteotako nondik norakoaz: urte epikoak (1982), urte kritikoak (2008) eta urte likidoak (2020). Baita sektoreak landu beharreko lau ardatzak finkatu ere: aktibitate didaktikoa, musika-ondarearen berreskurapena eta berriaren sorkuntza, beti ere musika guztientzat egiteaz gainera (gizarte-hezkuntza) entzulego berriei erantzunez.

Blogari zor zaion galbaheaz, ordubeteko hitzaldiaren hiru ideiari egingo nieke nik jaramonik gehien:

1 – Musika-adituaren sarrera-hitzaldian itxaro daitekeen gairik aproposena musika bera izan arren, Alberdi musika-kudeaketaz mintzo da. Zientziak eta humanitateak, artea eta teknologia, zenbakiak eta edertasuna bereiztu nahiaren tentaldiaren aurrean, benetako eraberrikuntzak, lehenago edo geroago, kudeaketa-lana eskatzen du. Beste edozein arlotan bezala, produktuaren berrikuntza bai, baina baita bere kudeaketa eta zerbitzuarena ere.

2 – Euskal musika sektoreak koordinazioa behar du, narrazio bateratua, desadostasunak zilegi izateaz gainera, euskal musikak “arima zehaztu” behar du.

3 – Euskal musikari aukerak zabaldu behar zaizkio, ondare zaharrari zein sorkuntza berriari. Eta, aje eta aitzakia guztien gainetik, belaunaldi berriak prestatzen gogotik ahalegindu.

---ooOoo---

1) Euskalerriaren Adiskideen Elkartea.

2) Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusia ere izan zen zortzi urtez (2006-2014)

3) Euskal musika sektorearen muina, Alberdiren esanetan: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra. Bilboko Koral Elkartea, Orfeón Pamplonés, Donostiako Orfeoia eta Easo Abesbatza. Gasteiz, Bilbo eta Barakaldoko Musika Bandak, Bilboko Opera-korua, bestelako ganbera koru eta orkestrak. Jaialdiak, antzokiak eta auditorioak.

.

Iñigo Alberdi
Iñigo Alberdi, eskuinean, Luis Elizegi Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako lehendakariarengandik adiskide-agiriak jasotzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: