Euskal mendigoizaletasun modernoaren aita
Juan Ignacio Lorenteren heriotzaren berri jakin bezain laster, euskal hedabide guztietan bildu ahal izan dira, 'huntaz eta hartaz', denetariko gomutak, oroitzapenak eta zertzeladak, 1974ean Everest gailurretik 350 metrora ezinean geratu zen “Tximist espedizioaz” eta, sei urte geroago, gaina estreinako erdietsi zuen “Euskal igoeraz”, Martin Zabaleta eta Pasang Temba sherpa lekuko.
Baina gogoratu beharreko pasadizo guztien azpitik eta ahaztu ezinezko kontakizun guztien gainetik, esanguratsu bezain azpimarragarri dira Pou anaien (Eneko eta Iker) eta Alberto Iñurritegiren mailako mendigoizaleen adierazpenak: “Everesteko lehen bi espedizio haiek burutu zituen belaunaldia izan zen, azken berrogeita hamar urteotako euskal alpinismo modernoaren hazia”. “Nekez uler daiteke egungo arrakastarik, erromantiko haiek aurretik izan ez balira”. “Haiei zor dizkiegu oinarriak, balio etikoak ez ezik, baita esperientzia, teknika eta antolamendua ere”. “Eta Juan Ignacio zen jefea”.
Gutako gehien-gehienok ez genuen Juan Ignacio ezagutzerik izan Everesteko hegal, malkar edo horma izoztuetan zehar. Baina euskal mendi-ibilaldietan, Pirinioetako eski-pistetan nahiz Gasteizko oftalmologia-kontsultan haren zentzuaz, zuhurtziaz, profesionaltasunaz, patxada apalaz eta eskuzabaltasun onberaz bertatik bertara gozatzeko abagune zoriontsua izan genuenok ondotxo dakigu zein parerik gabeko gizakume zintzoa joan zaigun.
Goian bego, "Juantxo".
Hamabi mendigoizalek osatu zuten, 1980an, Everesten gaina estreinako erdietsi zuen euskal taldea. Hamabi haietatik, zortzi bildu zituen ETBk, hamar urte geroago, 1990an. Zutik, ezkerretik eskuinera, Felipe Uriarte, Juan Ignacio Lorente (taldeburua), Joxe Urbieta "Takolo", Kike de Pablos eta Luis M. Sáez de Olazagutia. Eserita, Martin Zabaleta, ETBren aurkezlea, Xabier Erro eta Javier Garayoa. Falta izan ziren, berriz, Juan Ramon Arrue, Rikardo Gallardo, Emilio Hernando eta Angel Rosen.