Euskal lobbyak funtzionatu egin du
Ezin jakin zer emango duen, luzera, ekainaren azken astean zehar Estatu Batuetako hiruzpalau hiriburutan barrena izan den euskal espedizioaren jarduerak. Segurutik, onenean ere, ez du gure ekonomia errotik salbatuko baina, zer gerta ere, miraritan sinestea bezain antzua da ezer ez dela pasatu pentsatzea.
Aurreko hamarkadan, nik neuk hainbat nazioarteko espedizio komertzialetan parte hartzeko beta izan nuen dozena erdiren bat kasutan, eta errazena litzateke esatea “guk hobeto egiten genuen”. Baina ez da inondik ere egia. Oraingo honetan sekulakoak izan dira Houstonen (oil&gas), Conneticuten (smart sareak), Milwaukeen (elektronika), Baltimoren (portu-kudeaketa) eta Washingtonen (jardunaldiak eta erakunde-harremanak) berrogeitaka euskal enpresak jorratu ahal izan dituzten urratsak.
Enpresa bakoitzaren emaitza, lorpen eta zertzeladetan sartzeke, uste dut begi-bistan nabarmendu direla honako espedizio honek elkarrekin bilbatu dituen hariak, alegia:
1. Euskal jokamoldetan oinarritzat bezain ohikotzat jo ohi den lankidetza publiko-pribatuaren arrakasta, Jaurlaritza eta hiru Aldundiak tarteko.
2. Ekainaren 27an "The Washington Post” egunkariak argitaratu zuen eranskina. “Basque Country. Smithsonian opens doors to an unique european culture".
3. Astean zehar Washingtoneko National Mall parkean Euskal Herriari eskainitako Folklife Festival delakoa, Smithsonian Instituzioaren ardurapean eta Estatu Batuetako euskal elkarteen laguntzaz.
4. Petronorren eskutik, Repsolek Houstoneko (Texas) egoitza utzi izana, bertan eratu zedin oil&gas biltzarra.
5. Gobernu Federalaren Energia Departamenduarekin zein NASArekin aldez aurretik erabakitako hitzorduak eta, estreinako, ondorengo bilerak.
6. Estatu Batuetako Kongresuaren Bibliotekan eratutako ezohiko afaria.
7. Kapitolioaren aurreko belartzan landatutako Gernikako Arbolaren kimua.
8. John Garamendi eta Rafael Anchia euskal jatorriko kongresisten erabateko esku-hartzea.
8. Euskal Herriak egun bizi duen bake-giroa.
9. Eta, jakina, bertara propio joandako berrogeitaka euskal enpresen atxikimendua, ez baita alferrik Estatu Batuak, Frantziaren eta Alemaniaren ondotik, euskal produktu-eskalerik handiena.
Auskalo zorioneko euskal lobbyrik ba ote den, baina oraingo honetan funtzionatu egin du.
Gernikako Arbolaren kimua Kapitolioaren aldamenean. Zuhaitza landatzeko ez ezik, "hor" zulo soila egiteko ere bedeinkazio asko behar izango da...