Euskal Kazetaritzaren Urtea, 1976
Argazkiok bazterrak astindu zituzten Zeruko Argiak argitaratu ahala (1976.05.02). Ale guztiak ahitu ziren euskal kioskoetan barrena eta bigarren argitalpena egin behar izan zen. Ondotik Cambio16 astekari espainiarrak jaso zituen eta, zenbait egun geroago, The Times (1976.05.13) egunkari britainiarrak, lehen orrialdean gainera. Baita Amnesty Internationalek urte hartako txostenean ezarri ere (ikus Argia, 2013.05.19).
Franco hil ostean Zeruko Argiak lortu zuen informazio orokorreko astekari izatea. Magazin moldeko lehen alea 1976ko urtarrilaren 4an plazaratu zen Debako Zentral Nuklearrari buruzko informazioaz, eta erredakzioa osatzen genuenok ondotxo genekien noizbehinka baino gertatzen ez diren une historiko horietako bat bizi izaten ari ginela.
Giro hartan eratu ere eratu zuen (1976.03.27) Loiola-Donostia Herri Irratiak 24 orduak euskaraz irratsaioa, eta guztion artean loratu ahal izan genuen gure historiatxoak bere egin duen zorioneko “Euskal Kazetaritzaren Urtea”. Trantsizio demokratikoa ez zen goizetik arratsaldera egin eta, esango nuke esan, euskarazko prentsak gaztelaniazkoak baino urtebete lehenago erreakzionatu zuela.
“Euskal Kazetaritzaren Urte” hartan Kaietano Ezeiza eta Gorka Reizabal ziren Zeruko Argiaren lehendakari eta zuzendari, hurrenez hurren. Eta, lege-baldintzak bete beharrez edo, buruzagitzat agertzen ziren Mikel Atxaga, Elixabete Garmendia zein Donato Unanue; eta zuzendari-ordekotzat, ostera, Miren Jone Azurza, Mariano Ferrer eta Pilar Iparragirre. Eurekin batera, taldekiderik ohikoenak, berriz, Mikel Bujanda, Leo Etxeberria "Anatsan", Edorta Kortadi, Gexan Lantziri, Mikel Ugalde eta beste hainbat, artean kazetaritza-ikasketak amaitzeke zituen Estepan Aldamiz-Etxebarria mukitsua tarteko.
Anparo Arangoa (1951-1991) ORTren alderdikidea izan zen. Guardia Zibilek Leitzan atxilotu, Tolosako kuartel-etxera eraman eta errukirik gabe jipoitu eta estiratu zuten. Argazki hau –eta gehiago-- Javier Yebenek atera zion, Patxi Zubizarretaren laguntza estrategikoaz.