Euskal iraunkortasuna
“Smog” deritzan behelaino kutsatuak matrikulen araberako txandakako trafikoa ezarri beharra eragin du Madrilen, Parisen eta Pekinen. Oro har, Madril ia da Gipuzkoa bestekoa eremuz baina hamar bider biztanle ditu; Paris, Bizkaiaren pareko hedaduraz eta hamahiru aldiz handiagoa jendez; eta Pekin, Hego Euskal Herri osoa bezain zabala baina zortzi bider gehiago biztanlez. Eta ez naiz Txina osoaren hondarrik gabeko itsasoan galduko.
Datu hauek gogoan izan beharko genituzke sarriago gurean, ingurumen-baldintzarik zorrotzenak nabarmen bete eta aire-kalitatea oso ona izateaz gainera, euskal dimentsiorik ezaren eragina hutsaren hurrengo baita mundu zabalean. Ez diot erantzukizunik ez dugunik, iraunkortasun-ezkilak jotzeko orduan oreka apurren bat dagokigula baizik. Iraunkortasuna bai, baina arlo guztietan.
Ni lanean hasi nintzenean, orain dela mende erdi baino gehiago, Espainiako ehun industriarik handienen arteko hogeita hiruk Euskal Herrian zuten euren egoitza nagusia. Gaur egun, berrogeita hamar urte luze geroago, lau baino ez zaizkigu geratzen Espainiako ehun industriarik handienen artean: Eroski, Iberdrola, Michelin eta Petronor. Eta handienen arteko zerrenda horretan euskal hogeita hirugarrena aurkitu nahi izango bagenu, 452. posturaino jaitsi beharko genuke.
Zenbaitek uste du arazoa ez dela enpresak handiak edo txikiak izatea. Direnak direla, garrantzitsuena ez dela neurria, lana edukitzea eta lanpostuak eskaintzea baino. Eta, behar bada, galga txikian eta epe motzera, ez dio axolarik. Baina gero eta nazioarteko merkatu lehiakorragoan eta epe luzera… handia edo txikia izatea ez da, inondik ere, berdin tokian tokiko ekonomiarentzat. Bere buruaren jabe izan nahi duen Herriak bertako trakzio-enpresa handiak eta eragileak behar ditu, inguruan jarduera ekonomikoa suspertuko dutenak. Bestela, jai du.
Aldi berean, aurreko urrian 900.622 behargin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan lanean zihardutenak. Pentsiodunak, berriz, 532.600 lagun. Hau da, pentsiodun bakoitzeko, ezta bi langile ere! Lekutan euskal iraunkortasuna.
Zenbaitek hitzegiten du iraunkortasunaz, ingurumen-kontu berdea baino ez balitz bezala. Baina ez: iraunkortasuna kolore guztietako iraunpen-kontua da, gizarteaz, ekonomiaz, kulturaz, hizkuntzaz zein politikaz… Eta ezin iraun izateko besteko muga gorriak gainditzen ari gara, gu geu munduko argienak bagina moduan, Mediterraneoa aurkitu izan bagenu bezala.