Euskal Herriaren eskubiderik eza
Zer adierazi nahi da Euskal Herriaren eskubidea aipatzerakoan? Euskal Herriko hiritarrok eskubideen jabe garela ala Euskal Herriaren geografiak, historiak eta barrutiak eskubideak dituztela? Ze, nik dakidanez, lurraldeak berak ez du lar eskubiderik eta, balu ere, ez behintzat bertan bizi diren herritarren eskubideen gainetik.
Urteak daramatzagu nahaspilaturik, geure buruari iruzur egiten, ETAren jaraunspen faltsutik askatu ezinik. ETA ez da mende erdi armetan jarria aritu euskal herritarren mesedetan, euskal lurraldetasunaren ustezko sasi-aldarrikapen mortaletan baizik. Eta ezker abertzaleak arrazoi-puntuaz jabetzeari ekin dio, hain zuzen, lurralde-eskakizunak alboratu eta hiritarrei jaramon egiten hasi denean.
Ez, garbi gera bedi, ez dihardut esaten euskal mapak historiaz, kulturaz, hizkuntzaz zein gizarteaz esangura lezakeenak defentsa sutsurik merezi ez duenik, egungo hiritarren borondate politikoa kontuan hartu beharrekoa dela baino. Edo, nahiago bada, hiritarron benetako etsamina-eguna hauteskunde-eguna besterik ez dela.
Ez dakit nik zer kolore urdinxka ezarri beharko ote geniokeen lurraren, eremu fisikoaren eta mugarrien defentsari, baina zalantzarik ez dut nekez izan daitekeela ezer aurrerakoia, iraultzailea, ezkertiarra, abertzalea edo demokratikoa bertako hiritarren iritzia gogoan hartzen ez baldin badu.
Jakina gero Euskal Herriak eskubideak dituena, baina herriak, ez lurrak, herritarrek alegia. Herritarrik gabeko euskal lurrak ez du eskubiderik. Ezta hitzik ere.