Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal Herriaren alde

Euskal Herriaren alde

Amatiño 2020/11/09 11:15
“Nazionalismoa eta Kultura. Entseguak eta iruzkinak Euskal Herriaren alde” (EHU/UEU, 2020) da Pruden Gartziaren argitalpena, non antologia modura biltzen diren hamabosten bat hitzaldi, ikerlan eta artikulu labur, zeinetatik bat baino ez den zeharo berria eta gainerakoak, aldiz, azken hiru hamarkadotan, han-hemenka, nola edo hala, agertaraziak.

Pruden Gartziarekin bat etor gaitezke edo ez, baina ezin izango dugu esan, behintzat, ulertzen ez zaionik. Pruden Gartziak kontatzen ditu, agian, egungo gazteriak –gutxieneko testuingururik ezaz— nekez uler ditzakeen gertakariak, baina ezin izango dio inork aurpegiratu bere ekarpenok aspergarriak direnik. Pruden Gartziak aitaren batean laburbiltzen ditu gure historiatxoan jazo izan diren zenbait katramila korapilotsu, baina ezin izango dio inork arinkeriarik leporatu. 

Erabateko plazerra da, bai, Pruden Gartzia gisako saiakeragilearekin topo egitea. Memoria historikoa du, informazio zehatza, interpretazio pertsonala, ebazpen profesionala eta ironia neurtua. Dena kokteleran sartu eta, ziztu bizian, testuaren zati guztiak (azalpena, garapena, tentsioa, ardatza, klimaxa, amaiera...) errenkadan atxikitzeko gauza da, bere denbora eta irakurlearen astia alferrik galtzeke. 

Mogelen "Peru Abarca"tik Oteizaren Arantzazuraino --Azkue, Orixe, Txillardegi, Mitxelena,  Azurmendi eta beste tarteko--, antologikoak, benetan, zenbait paragraforen gardentasuna eta argibide urriren adierazgarritasuna; apartekoa, gero, hainbat belaunaldiren zein gizarte-mugimenduren arteko kate-begiak ulertarazteko maisutasuna. Azpimarragarriak ere, nazionalismo espainolaz, ETAren inguru-minguruaz zein euskararen erronkaz eskainitako burutapenak. Guztia 160 orrialde murritzetan.

Ezer gutxi dela argitara berria? Ez al da ba hori edozein antologiaren funtsa!

 

AURKIBIDEA

Hitzaurrea

I. Nazionalismo espainola: 4 atal.

II. ETA: 3 atal.

III. Euskal intelektualak: 3 atal.

IV. Euskararen salbamendua: 4 atal.

V. Azken hitza.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: