Euskal gizartea ETAren txantaiaren aurrean
Datorren urtean aurkeztuko den lan osoaren ataritan, Izaskun Saez de la Fuente talde-zuzendariak sailka dihardu ikerketa azaltzen, aurrerapen gisa, Deustuko Unibertsitatean bertan. Oraingo honetan hirugarren atala aurkeztu du: “La sociedad y la política frente a la extorsión contra el mundo empresarial”.
Lau hamarkadatan indarrean iraun zuen txantaiak kasuistika joria eskaintzen du baina, lauzpabost puntutan laburbiltzekotan:
1. ETAren txantaiak helburu ekonomikoa zuen, noski, baina baita politikoa ere. Hau da, Franco hil osteko demokrazia txarretsi ez ezik, Estatu espainiarrari zilegitasuna ukatu eta ETAk berak bere burua “zerga” jarri zezakeen herri-agintari moduan jendaurrean azaldu.
2. Zerga-eskalea abertzale sutsu gisa bedeinkatu eta zerga-ordaintzailea etsaitzat, kanpotartzat, esplotatzailetzat edo "zipaiotzat" jo.
3. Hiltzailearen zein hildakoaren sufrimenduaren kasuan bezalaxe, zerga-eskalearen zein zerga-ordaintzailearen "errua" orekatu; erasotuak ez baitzuen logikaz besterik merezi eta erasotzaileak ezinbestean egiten baitzuen egin beharrekoa, gatazkarik ez balego sekula egingo ez lukeena. Erasotuari ulertu behar zitzaion, jakina, baina baita erasotzaileari ere, “alde biak, gatazka-kontestuan ulertu behar dira-eta, aldi berean”.
4. Ezker abertzalearen erabateko babesa, txantaiaren estrategia onartu ez ezik, herrian herriko ordezkariak izaten baitziren, ETAren gutuna jasotzen zutenak ETArekin harremanetan jartzen zituztenak.
5. Hainbat euskal hiritarren elkartasunik eza, ez ikusi egin zutelako, nahiago izan zutelako beste norabait begiratu, edo eurei ere tokatuko ote zitzaien beldur zirelako. Beldurra ulergarria da, baina ez dago horren garbi beti onargarri denik. Bada mehatxupean bizi zenari etxez aldatzeko iradoki zion auzokorik, garaje partekatuan ez sartzeko eskatu edo etxe-atarian bizkarzainez ez agertzeko esan zionik.
Aurrenengo puntuaren berri ez dakit zehatz nik. Ikerketaren ondorioetako bat da, baina, stricto sensu, iritzi bat baino ez. Nahiz, zentzuzkoa denik ezin uka, txantaiari "zerga" deitzen zionak nolabaiteko zilegitasunen baten bila ziharduela.
Hurrengo lau puntuen berri jakiteko, ostera, ez dut Deustuko Unibertsitatearen ikerketa irakurri beharrik: nik neuk gertutik ezagutu nituen lauak. Sekula ez ahazteko bezain gertutik.
Ba al dugu gure Unibertsitate publikoan bestelako ikerketa talderik azken 50 urteko gatazka eta sufrimenduen zergatiak ikertzen?
Ipar Irlandako unibertsitatetan buru-belarri dabiltza, baliabide askorekin beraien liskar eta minaren zergatia ulertzeko saiakera egiten. Noski berriro ez dadin errepikatu. Gurean ba al da halakorik?
Ez al luke merezio Fakultate berezi bat sortzea "egi zientifiko" (ahalik eta objetiboena)ez sektario hori aurkitzeko?
100 urte itxaron beharko du gizarte honek BENETAN gertatu zaiguna ezagutzeko?