Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal enpresen arteko lankidetza

Euskal enpresen arteko lankidetza

Amatiño 2009/06/10 23:07
Albistea ez da segurutik inon agertuko baina, gaur bertan, euskal enpresa* batek ateak zabaldu dizkio merkatuan konpetentzia zuzena egiten dion beste euskal enpresa bati, lantegi osoa erakutsi, hiruzpalau orduko informazioa eman eta bere ekoizpenik berritzaileenak zertan diren aurrez aurre azaldu. Behar bada ez da horrelakorik sekula aurretik gertatu.

Enpresen arteko informazio-trukaketa ez da batere ohikoa, oro har, euskal gizartean, ezta Espainian edo Frantzian ere, baina dezente errotua dago Gipuzkoan, Adegi enpresari-elkarteak Britainia Handian ikusi eta 1993tik aurrera ildo beretik ekin zionetik hona. Geroztik AdegiTop programa urtez urte eratu izan da eta guztira 550 enpresatako 10.000  arduradun inguruk parte hartu. Amaitu dira, nonbait, bisitaren bat agertuz gero ateak itxi eta makinak oihalez estaltzen ziren garaiak.

Sistema arras samurra da. Zer erakutsi edo irakatsi izan dezakeen enpresari, bere arrakastaren berri azaltzeko gertu ote dagoen galdetzen dio Adegik eta, baiezkotan, hartaz jakiteko interesik duten bazkide guztiei aukera ematen zaie enpresa bisitatzeko,  bertatik bertara ezagutzeko eta egin beharreko galderak egiteko, ekoizpenaz, kudeaketaz, lan-sistemaz zein salmenta-sareaz. Zuhurtasuna, begirunea, errespetua, lotsa edo… tradizioa tarteko, bisita hauetan ez dute parte hartu izaten sektore bereko enpresek baina gaur, ordea, estreinako bada ere, merkatu berean elkarren lehian ari diren enpresek informazioa trukatu ahal izan dute.

Sarri entzun ohi da nazioartekotasuna eta berrikuntza direla euskal enpresek aurrez aurre dituzten erronkarik handienak baina bada hirugarren postura garrantzitsua inoiz gutxitan aipatzen dena: elkarren arteko lankidetza.  Eta era bitako elkar-lankidetza, besteak beste: batetik, euskal enpresarik gehienak txikiegiak direlako munduan barrena nagusi diren bazkun handiei aurre egiteko; eta, bestetik, ez duelako ez buru eta ez hanka txikerregiak izateaz gainera elkarren lehian jardun beharrak.

Duela dozena erdi bat urte gertatua, Gipuzkoan bertan. Hogei kilometroren bueltan dauden sektore bereko enpresa bik Australiako lehiaketa publikoan parte hartu zuten, bakoitzak bere proposamena bidaliz. Bigarren eta hirugarren geratu zirenean jakin zuten elkarren berri. Sekula ez dute jakingo, ordea, zer gertatu izan ote zitekeen elkarrekin parte hartu izan balute. 

* Ikastaroa Gasteizko Ega Master-en egoitzan izan da eta Gipuzkoako hamabosten bat enpresaren ordezkariak bildu, arabarren esperientziaz bertatik bertara jabetzeko. Hamabost horien artean, hain zuzen, aipatu beharrik ez dagoen bere konpetentziako bat.

AdegiTop

Topaketa, Gasteizko Ega Master lantegian

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: